Trekutz egunean, 300 lagunendako bazkaria

Maider Arregi 2018ko uzt. 26a, 15:03

Bigarren Trekutz eguna ospatuko da irailean, eta bazkarira joateko txartelak salgai daude jada. Eguen eta egubakoitzetan Arin tabernaren aurrean postua jarriko dute antolatzaileek. Bizikleta igoeran parte hartu gura dutenek ere eman dezakete izena.

Aurten ere mendizaletasuna eta festa eskutik datoz. Iazko arrakasta ikusita, bigarren Trekutz eguna ospatuko da irailaren 8an, zapatua. Antzuolan aspaldiko ohitura zena berreskuratzea eta jarraipena ematea izan duela helburu festa honek dio antolatzaile lanetan dabilen Amaia Ramirez de Okarizek: "Trekutz eguna, historikoki, gure nagusienek urteetan ospatu izan dute. Baina momentu batetik aurrera desagertu egin zen eta guk berreskuratu egin gura izan genuen iaz. Besteak beste, Trekutzen Finalista Eguna egiten zen, Arrola Mendizale Elkarteak antolatuta. Gainera, antzuolar guztiak elkartzeko aukera aparta dela uste dugu".

Eta, iazko arrakasta ikusita, aurten ere herritar orori gonbidapena eta parte hartzeko dei egin diete: "Iaz, herritarren erantzuna sekulakoa izan zen, jende pila bat elkartu ginen Trekutzen. Giro paregabea izan genuen. Hori dela eta, aurten berriz animatu da gazte talde bat eguna antolatzera. Gainera, bazkarirako 300 txartel jarri dituzte salgai".

Izena eman daiteke

Trekutz eguneko bizikleta igoeran parte hartzeko nahiz bazkarira joateko, aurrez eman beharko da izena. Hala, antolatzaileek eguenetan eta egubakoitz iluntzetan, 19:00etatik 21:00etara bitartean, postua jarriko dute Arin taberna aurrean, Kalebarrenean, txartelak saltzeko. "Bazkariko txartelak erosteko eta bizikleta igoeran izena emateko postua jarri dugu Kalebarrenean. 10 euroren truke –heldu zein ume–, bazkariko txartela eskuratu dezakete antzuolarrek. Aurrez komeni da izena ematea, baita bizikleta igoeran parte hartu nahi dutenek. Izan ere, antolaketa lanak errazteko, komenigarria da. Hala ere, irailaren 8an, egunean bertan, egongo da aukera bizikleta igoeran izena emateko", argitu dute antolatzaileek.

Egitaraua

Egitaraua ez dela askorik aldatu iazko urtetik gaineratu dute antolatzaileek. "Lehenengo eta behin, bizikleta igoera egingo da. Baina, aurretik, oinezkoak irtengo dira Trekutzerantz. Goian, salda, pintxoak... eta bolotan eta tokan aritzeko aukera egongo da". Bazkaria egingo dute ondoren eta bazkalosteko erromeriaz gozatzeko aukera ere egongo da. "Gauza batzuk oraindik zehaztu gabe daude, baina egunari bukaera emateko ekintzaren bat antolatzeko asmoa ere badaukagu. Lotzen dugunean aurreratuko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak