Ez zen herritarrik gerturatu atzoko batzarrera, baina azkenean, batzarra egitea erabaki zuen AKEko zuzendaritza batzordeak. "Zuzendaritza batzordeko kideak eta iazko presidente Mikel Kerexeta soilik izan gara batzarrean; pena da gai garrantzitsuak geneuzkalako herritarrei ere jakinarazteko", azaldu du Ibon Gezalaga klubeko presidenteak.
Eta gai garrantzitsu horietako bat Eztala futbol zelaiko aldagelen proiektuaren egoera da. "Irailaren 7an, Kirol Diputatua den Denis Itxasorekin batuko gara. Aldagelen egoeraz jardungo dugu eta irtenbide bat bilatzen saiatuko gara. Lehentasuna duen gaia dela esango diogu. Pozik gaude azkenean lortu dugulako diputatuaz batzea".
Superabita
Klubak osasuntsu amaitu du denboraldia. "Ia hiru mila euroko superabita daukagu eta gorde egingo dugu ezustekoren bat edo azken orduko zerbaiti erantzun ahal izateko. Urteko balantzearen balorazio positiboa egiten dugu".
Helburua beteta
"Gure helburua da gaztetxo guztiek jokatzea eta kirola egitea; ondo pasatzea eta disfrutatzea bereziki kategoria txikietan. Hala, helburua lortu dugula uste dugu".
Klubeko entrenatzaileak
Infantilak: Serafin Tena
Kadeteak: Iker Gardoki, Mikel Jauregi eta Ander Aranburu
Jubenilak: zehaztu gabe
Preferente maila: Josu Zubikarai