Bazkarian 100 bat bazkide
Domekako bazkarirako 100 bat bazkidek eman dute izena. Horiez gain, erretiratuen elkarteko batzordeko kideak eta laguntzen ibiltzen den boluntario taldea ere izango dira bazkarirako. "Udaleko bi ordezkari ere gonbidatu ditugu", gaineratu du Pilar Etxanizek.
Eskolako patioan izango da bazkaria, 14:00etan. Menua izango da: entremesak, marmitakoa, txahal biribilkia eta hostopil tarta izozkiarekin.
Musika giroa
Erretiratuen Eguneko bazkaria aprobetxatzen dute herriko "bi nagusienak" omentzeko. Etxanizek azaldu du: "Jaietako zapia jartzen diegu bi erretiratu horiei". Bazkalostean musika izaten dute. "Herriko musikari Tomas Gesalagak abestuko du lehenengo. Ranchera doinuak ekarri izan ditu, dantza girokoak", dio Etxanizek. Ondoren, Isidoro Martin soinujolearen txanda izango da. "Dantza sueltoan egiteko egokiak" diren abestiak eskainiko ditu, bai euskal abestiak eta baita bestelakoak ere.