Baietz Antzuola gorrittu! Jantzi gorriz! lelopean, bihar egingo da Antzuolako Kirol Eguneko jaia. "Iazko harrera ona ikusita, aurten ere herritarren berotasuna jaso gura dugu eta festa herrira zabaldu dugu", azaldu du AKEko presidente Ibon Gezalagak. "Antzuolarrei gorriz jantzita etortzeko deia egin diegu".
Bazkari herrikoia
Pilotalekuan egingo da bazkaria eta lepo beteko da. 360 lagunek eman dute bazkarirako izena. "Aurten ere, jokalari erregularrenei errekonozimendua egingo zaie eta sorpresa gehiago ere izango dira". Bazkari ostean barru popularra pilotalekuan bertan egingo da. Nahi duenak parte har dezake eta kale egiten duena, kalera. Ondoren, arratsaldea Sakatu elektro-txarangak girotuko du". Lehen taldeak mailari eustea ere lortu du eta balorazio positiboa egin du Gezalagak. Orain, entrenatzaile berria bilatzeko lanean dihardutela aitortu du: "Igor Larreak utzi egingo du eta orain bagabiltza ordezko baten bila", argitu du.
Futbol eskolako gaztetxoen partiduak
Iaz egin zen errealitate Antzuolako futbol eskola. Herrian neska-mutiko ugari elkartzen ditu eskolak eta horren erakusle izango da aurten jokatuko diren partiduak. Eztalan jokatuko dira 11:00etan hasita neska-mutikoen arteko partiduak. Aurrez baina, beteranoek neurtuko dituzte indarrak Eztalako zelaian, 10:00etan.