Festa giroan esnatu dira gaur Antzuolako kaleak, San Isidro eguna ospatzeko. Ohi moduan, ganadu feria ikusgai izan da eta barazki zein artisau postuak ere izan dira bertaratu direnen gozamenerako. Eguraldi onarekin, eguerdi partean, Antzuolako erdigunea jende ugariz bete da.
Aiherrakoak ere bai
San Isidro festarekin batera, aurten 34. urtez ospatu dute Aiherra-Antzuola senidetze eguna, eta guztira 24 lagun etorri dira Aiherratik. Beste urte batzuetan baino gutxiago, izan ere, Aiherra inguruetan ere jaiak dira egunotan, baina etorri direnak gogotsu iritsi dira herrira, jaiaz gozatzera.
Behi-jezten, emakumezkoak
Jaime eta Garazi Larrea aita-alaba antzuolarrak eta Enrike Pagoaga eta Eli Garai arrasatearrek hartu dute parte aurtengo behi-jezte desafioan. Zurrategi plaza jendez bete da, txalo artean, aurten estreinakoz emakumeek parte hartu duten desafioan animoak emateko asmoz. 5 litro jaitsi dituzten arrasatearrak izan dira garaile, baina Larrea aita-alabak ere lan ona egin dute 4,5 litro esne jaisten.
Desafioan, Balentin Agirre Urruti izan dute gogoan eta harendako txalo zaparrada ere izan da.
Kukumarro lehiaketa
Beste urte batez, kukumarro edo txorimalo lehiaketa ere egin dute, eta talde parte-hartzaile bakarra egon da; herriko jubilatuek egindako kukumarroa aurkeztu dute, eta 90 euroko saria eskuratu dute.