Herriko garbitasunaren oinarria, hezkuntzan

Maider Arregi 2018ko mai. 11a, 08:00

'Antzuola hobetu, guztion artean garbi jokatuz' lelopean, abian da 'Garbi jokatu' kanpaina. Helburu didaktikoa du ekimenak eta, biharko, auzolanean herritar guztiei parte hartzeko dei egin die Udalak; festa giroan ospatuko dutela iragarri dute.

Auzolanerako dei egin du Antzuolako Udalak. Helburua da jai giroan, herritar guztien artean eta garbi jokatuz, Antzuola hobetzea. "Aurrekontuan jaso genuen moduan, garbitasunaren didaktikaren ideiari tiraka, Garbi jokatu izeneko kanpaina jarri dugu abian. Dagoeneko, joan den asteburua ezkero, etxe guztietara bidali dugu diptiko bat, kanpainaren berri emanez", azaldu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.

Ez zikintzea da gakoa

"Garbitasuna ez zikintzearekin identifikatzen dugu, gehienbat; nork bere ingurutxoa garbi edukitzeko duen ardurarekin, eta elkarren arteko errespetuarekin, hain zuzen ere", azpimarratu du Kortabarriak. Jai giroan, hobeto Garbi jokatu kanpainak helburu didaktikoa duen arren, jai giroan batuko dira bihar, zapatua, herritarrak.

Hala, auzolanean jardungo dute, auzoz auzo, herria garbituz. Egin behar dena Etxeetara bidalitako diptikoan, zenbait gomendio daude jasota: Paperontziak erabiltzea –gozoki-poltsak, zigarrokinak... ez bota lurrera. 115 paperontzi daude Antzuolan 30 puntutan banatuta–; hondakinak dagokion lekuan utzi eta ondo sailkatzea –egutegia eta ordutegia errespetatuz–; organikoaren kuboa bildu eta txakur kakak jasotzea. Bestalde, auzo-konpostaren gaineko datuak kaleratu dituzte: auzo-konposta 45 familiak egiten dute eta etxeko konposta, 145 herritarrek. Hain zuzen, 36,8 tona konpost kudeatzen dira.

Auzolanerako deia herritarrendako

"Goizeko hamarretan Herriko Plazan elkartzeko dei egin nahi diegu antzuolarrei, auzoz auzo joan eta agerian dagoen zikinkeria jasotzeko –plastikoa, zigarrokinak...–. Auzolanera animatu daitezen eskatu gura diegu", kontatu dute kanpainaren bultzatzaileek. "11:30erako bukatzeko ideia daukagu eta jasotako hondakin guztiarekin argazkia aterako, dugu. Hamaiketako batekin bukatuko dugu Garbi jokatu ekimena". Antzuolako Udalak pintzak, eskularruak, poltsak eta hamaiketakoa jarriko ditu; ekimenean jardungo dutenek, ordea, txaleko islatzailea eroan beharko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak