"Hirugarren fase honetan, orain arte bost batzar egin ditugu, Plan Estrategikoak ildo ezberdinetan izan behar dituen helburuak eztabaidatzeko batzarrak egin dira. Ildo bakoitzean diagnostikoari buruz eta planak hartu behar duen norabideari buruz eztabaidatu da", dio Aztikerreko Xabier Luque teknikariak.
"Fase honetako batzarretako eztabaidetan 62 pertsonak parte hartu dute guztira eta hainbat eztabaida eman ostean ekarpen ugari egon dira. Hala ere, hirugarren ildoko batzarra, bizikidetzaren gaia lantzen duena, bertan behera utzi behar izan zen pertsona kopurua txikia azaldu zelako. Horregatik, erabaki da, batzar hori bigarren batzarrerako programatua zegoen egunean egitea: maiatzaren 16an".
Orain ildo denen bigarren erronda bat egingo da eta plana garatzeko beharrezkoak diren ekintzak proposatu eta eztabaidatuko dira. Horretarako, beste bost batzar egingo dituzte eta edonork parte hartu dezake –ez da beharrezkoa aurreko batzarretan parte hartu izana–. Ariketa sinplea izango dela azpimarratu dute: ildo bakoitzean 2030era begira norabide bat markatu da eta orain bide hori egikaritzeko ekintzak proposatuko dituzte herritarrek.
Honakoa da egutegia:
1go ildoa: Ekonomia eta ingurumenaren jasangarritasuna, maiatzak 9. Lehengaien ekoizpena, kontsumo eredua, natur baliabideen erabilera eta industria landuko dituzte. NOLA? Lan baldintzen hobetzea? energia berriztagarrien erabilera? lehen sektorearen garapena? bertako produktuen kontsumoa? industriaren mantenua?
2. ildoa: Pertsonaren garapena, maiatzak 15. Hezkuntza, Kirola, Aisialdia, Kultura, Hizkuntza eta haurren ongizatea. NOLA? Euskararen erabileran joera aldaketa? Herri eskolaren eredua mantentzea? sorkuntza kultura bultzatu? kirol eskaintzaren dibertsifikazioa?
3. ildoa: Bizikidetza, maiatzak 16. Inklusio soziala, parekidetasuna, aniztasuna, elkartasuna eta bizikidetza.
NOLA? Antzuola denon herria?aukera berdintasuna bermatu? lanaren sexu banaketari aurre egin? genero rolen des-eraikuntza?
4.ildoa: Zerbitzu Soziala, maiatzak 22. Adineko pertsonen beharrak, udalaren zerbitzu sozialak, etxebizitza eta segurtasuna. NOLA? Adinekoen beharrak ase? zerbitzu sozialak egokitu? etxebizitzarako alternatibak?
5. ildoa: Herri kudeaketa, maiatzak 21. Hirigintza, ekipamenduak, azpiegiturak eta mugikortasuna. NOLA? Egokitu behar berrietara ekipamenduak? eraginkortu administrazioa? herri irisgarria? nekazaritza lurrak babestu?