Migel Angel Lizarralde: "Nagusi aktiboak sustatu gura ditugu"

Maider Arregi 2018ko mai. 5a, 10:00

Datozen hiru urteetan Migel Angel Lizarralde izango da Landatxopeko presidentea. Elkartearen egoeraz, erronkez eta pentsioen auziaz ere jardun du GOIENArekin:

Ilusioz eta gogotsu jaso du Migel Angel Lizarralde antzuolarrak herriko erretiratuen elkarteko presidente kargua. Hirugarren adin aktibo baten aldeko mezua eman gura izan du Lizarraldek.

Nola hartu duzu elkarteko presidente karguaren testigua?

Ilusioz hartu dut erronka hau. Taldea ezagutzen dut, eta lanerako prest dagoen talde ona da. Proposamena etorri zitzaidan, eta animatu egin naiz.

Aurten egingo dituzuen ekintzak antolatuta daude?

Bai, eta, hain zuzen ere, horiek aurrera eramatea izango da orain eginkizunetako bat. Aurtengoa aurrera eramatea, alegia. Adibidez, ate joka datorren San Isidro jaietan kukumarro lehiaketan parte hartuko dugu elkarteko kideok.

Zein da Landatxoperen egoera une honetan?

Ona. Herrian dauden 65 urtetik gorakoen %84 inguru dira Landatxopeko kide. Une honetan, 353 bazkide ditugu, eta horietatik %58,64 emakumezkoak dira. Bailara mailako elkarteen artean kide gehien dituen elkarteetako bat da, hain zuzen ere.

Hirugarren adinekoendako elkartzeko eta konpartitzeko gunea da.

Halaxe da, bai. Gainera, gizarteko beste esparru batzuetan gertatzen ez dena gertatzen da elkartean: gazteleraz bizi direnak euskaraz bizi direnekin elkartu eta komunikatzen dira askotariko ekintzetan parte hartuz.

Herritar aktiboak sustatzen dituzue.

Egun, 65 urtera sasoi onean iristen dira herritarrak; alde psikikoa eta fisikoa mantendu egin behar dira. Nagusi aktiboak gura ditugu sustatu.

Herri Lagunkoia ekimenarekin bat egiten aitzindariak izan zarete.

Herri eroso eta hobe baten alde lan egin dugu eta oso garrantzitsua da horri eustea. Antzuolako herrian egindako lana eredu hartu dute Eusko Jaurlaritzakoek eta bideoa grabatu dugu egiten dugun lanaren berri emanez.

Pentsioen alde borrokan diharduzue.

Bai; bi urterako proposatutako igoera hau gozoki bat besterik ez da. Borrokan jarraitu behar dugu, sakondu behar den gai estrukturala delako; irtenbidea ez da-eta partxeak jartzen ibiltzea.

Testigantzen bloga abian duzue.

Asmoa da Udalarekin elkarlanean herriko ondarea jasotzea eta zabaltzea. Oraingoz, Jose Inazio Garitano ari da atletismoaren inguruko informazioa batzen.

Borondatezko lana da oinarri.

Bai; ekarpena edo laguntza emateko prest dagoenari, esan, Landatxope elkarteko ateak irekita dituela beti.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak