Intxaurrandieta eta Errazkinen aurkako epaiketaz jardungo dute Olaranen

Maider Arregi 2018ko mai. 8a, 09:57

Ainhoa Intxaurrandietak –GHKko lehendakari ohia– eta Igor Meltxorrek –ikertzailea eta idazlea–  Angula ustelak izeneko hitzaldia eskainiko dute gaur, maiatzak 8, 18:30ean Olaranen. Intxaurrandieta eta Errazkin –Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohia–  apirilaren 12an epaitu zituzten Madrilen 2013an erraustegia gelditzeagatik.  

"Epaiketa pasa da eta orain maiatzaren 10ean joango dira abokatuak ondorioak ematera, epaiketako egunean eman gabe geratu baitziren. Orain zain, ondorioak eman eta ea zer dioen sententziak. Kontuan izan behar da, eskatzen digutena 100 milioi eurotik gertu egon daitekeela, beraz, zer gertatuko denaren zain gaude", azaldu dio GOIENAri Intxaurrandietak.
Auzia erabat politikoa dela salatzen dute: "Juridikoki guztia ondo egin genuen, abokaturik onenak izan genituen gure inguruan, hartu behar ziren erabaki guztiak hartzeko. Baina, epaitegi ohikoetan salaketa jarri ordez, Madrileko Kontu Auzitegira eraman dute gaia. Han, gure epailea Margarita Mariscal de Gante izan zen, Aznarren Justizia Ministroa izandakoa, PPkoa. Argi dago EAJ eta PSEk Madrilgo PPko epaile baten esku utzi nahi izan duela bi EH Bilduko kideren etorkizuna; kezkagarria iruditzen zaigu".

Erraustegia ez dela bideragarria ere badiote: "Osasuna eta ingurumena kaltetzeaz gain, erraustegia gain-dimentsionatua zegoen eta hau eraikitzeko proiektua sinatu zutenek eta ontzat eman zutenek, bazekiten hori. EAJ eta PSEko kudeatzaileen arabera, hondakinak beste herrialdeetatik ekarri behar genituen Gipuzkoan erretzeko eta hala ere, kontratuak blindatu egin zituzten".
Angula ustelak izena, hitzaldian kontatuko duten pasarte batetik datorrela dio: "SWAPak –maileguaren interes finkoak– sinatu zituzten unean, 5,6 milioi euro galdu genituen gipuzkoarrok eta denera 100 bat milioi euro galduko ditugu erabili ez den mailegu bat estaltzeko –erraustegi egin izan balitz, mailegua, interesak eta SWAPak ere ordaindu beharko genituzke, egoera berdinean geundeke–. Hori 'ospatzeko' EAJ eta bankuko kideak angulak jatera joan ziren eta Gipuzkoarrok ordaindu genuen faktura 6.000 eurokoa izan zen".


Jasotako babesa
"Guretzako oso garrantzitsua da jakitea ez gaudela bakarrik. Hartu genituen erabakiak ez dira inoiz gure mesedetan izan, herritarron mesedetan izan dira eta hori horrela ulertu dela ikusteak poza ematen du. Elkartasun mezuak leku guztietatik iritsi zaizkigu. Ez soilik EH Bildutik. EH Bilduren oinarri sozialetik harago doa. Auziaren kontra eta babesa adieraziz ardura instituzionalak dituzten EAJ eta PSEko kideen mezuek ere jaso ditut; azkena, PSEko arduradun instituzional batena", argitu du Intxaurrandietak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak