"Guregatik lan egin dute; orain, guri tokatzen zaigu"

Maider Arregi 2018ko api. 28a, 11:00

Bizitzaren zati handi bat Antzuolako Kirol Elkarteari eskaini dio Ibai Zabalok. Futbol taldearen egoeraz eta klubaren 25. urteurrenaz berba egin du GOIENArekin.

Ibai Zabalo antzuolarra gaztea den arren –27 urte–, oraindik futbolaren esparruan zeresana emateko ilusioz dago. Antzuolako taldeko jokalari beteranoetako bat da eta hura da kapitaina. Baina AKEko zuzendaritzan ere badihardu lanean, eta gazteen entrenatzailea da.

Zer moduz dago talde nagusia une honetan?

Azken partidu garrantzitsuak jokatzen ari gara, eta, oraingoz, emaitza onak lortu ditugu; pozik gaude, gure helburua mailari eustea da eta. Azken jardunaldira arte, behintzat, gogor borrokatuko gara, kategoriari eusteko asmoz.

Aldaketak izan dituzue taldean; gabezia hori igarri da?

Partiduetan, gazte mailatik igo diren jokalari gazteen laguntza izan dugu eta emaitza txukunak lortu ditugu. Hiru talde gaude puntu berekin eta denok borrokan gaude mailari eusteko. Asteburuan, baina, partidu gogorra duzue, Beasainen aurka. Bai, oso ondo jokatzen duten gazteak dira eta partidu gogorra izango da. Bizitzaren zati handi bat futbolari eskaini diozu.

Nola bizi izan duzu kategoria galdu eta igo izana?

Beti Antzuolan ibili naiz futbolean. Herrian jokatu izan dut eta poztasunak eta sufrimenduak herrian gehiago bizitzen dira. Gainera, herrian dagoen zaletasuna igarri egiten da. Azken urteetan bistaratu den olatu gorri horren babesa beti izan duzue, beraz, herrian. Bai. Gainera, jende asko mugitzen da partiduak ikustera. Berotasun hori asko eskertzen da.

Zuzendaritzako kide, gazteen entrenatzaile, jokalari... nola moldatzen zara denera iristeko?

Borondate-lan handia dago atzean, baina garbi dudana da guregatik ere lan egin izan dutela eta geuk ere egin beharra daukagula taldeak aurrera jarrai dezan. Beste batzuengatik ematea tokatzen zaigu. Belaunaldi aldaketa gertatzen ari da pixkanaka. Jendean ohartzen da beste batzuek jokatu ahal izateko egin beharra dagoenaz, eta jendea kontziente izaten ari da. Orduan azaleratzen da taldearen alde lan egiteko borondatea.

Futbol eskolari esker, herriari zabaldu zaio futbola, eta kirol honek batzen dituen balioak.

Bai. Iaz abiatu genuen futbol eskola, eta egun, 65 neska-mutiko dabiltza. AKE eguna ere herrira zabaldu genuen, eta orduan ikusi genuen batzen den herritarren kopurua handia dela. Kirola egitea eta lantalde gisa funtzionatzea dira gaztetxoekin lortu gura ditugun helburuak. Lagun talde bat gara, baina helburu beragatik ere borrokatzen gara; batez ere, goiko kategorietan. Lehiakortasuna ere hor dago, baina talde lana ere badago, noski.

Aurten ere egingo duzue AKE eguna?

Herriari zabalduta izango da? Bai; batez ere, iazko esperientzia ona eta parte hartze handia ikusita. Herri bazkaria egingo dugu, bai futbol taldeetako kideekin, futbol eskolako gaztetxoekin eta baita ere etorri gura duten herritarrekin ere. Ekainaren 9an izango da aurtengo AKE eguna.

Udazkenean, gainera, 25 urte beteko ditu futbol taldeak.

Hori da. Antzuola moduko herri txiki batendako, 25 urtean lan egitea asko da, pozik ospatuko ditugu. Zailtasunak ere asko izan dira eta! Baina beste horrenbeste betetzen baditugu, lanak ondo egin ditugun seinale izango da.

Aurten ez duzu titular jokatu. Futbol jokalari jarraituko duzu?

Bai; denon beharra dago taldean. Iaz, partidu guztietan titular jokatu nuen; aurten berriz, belauna hautsita izan dudalako, gutxi jokatu dut. Baina futbola lagatzeko asmorik ez daukat eta disfrutatzen jarraitzeko asmoa daukat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak