Argazkilaritzarekiko zaletasuna duen herria da Antzuolan. Izan ere, herrian antolatzen diren argazki lehiaketek harrera ona izan ohi dute. Zaletasun hori ikusita jaio da Antzuolako argazkilaritza taldea. Helburua ezagutzak elkarbanatzea dute. "Antzuolan argazkilaritzarekiko zaletasuna sumatu izan dugu. Herri moduan lehiaketak ere sortzen ziren eta konturatu ginen argazkilaritzaren bueltan mugimendua bazegoela. Ohartu ginen ere ez genituela ezagupenak zabaltzen eta horregatik erabaki genuen tartetxoa hartzea eta elkartzen hastea argazkilaritzaz hitz egiteko", dio Iker Aizkorbe argazki taldeko kideak.
Orain hiru urte jaio zen taldea osatzeko lehen ideia eta orduz geroztik saio ugari elkar banatu dituzte. Ikastaroren bat edo beste jaso badute ere, gehienak autodidaktak direla diote: "Ikasteko modurik onena praktikatzea da eta egiten diren akatsetatik ikasten joatea, zalantza gabe. Ezagupenak lortzen joatean datza gakoak eta ez soilik eskolak hartzean", argitu du.
Baina argazki on baten atzea, pazientzia asko dago? "Denbora eta pazientzia dago. Baita ezagupenak ere. Baina akats asko egitean ere badago gakoa".
Disfrutatzeko
Harrigarria bada ere, ea argazkirik etxean jarrita duten edo erakusketak egiten dituzten galdetuta, erantzuna ezezkoa izan da. Hala ere, egindakoa erakustera animatu denik ere bada: "Gure helburua disfrutatzea da; normalean ez dugu erakusketarik antolatzen eta ez dugu lehiaketetarako argazkiak ateratzen. Hala ere, nire kasuan, lehiaketaren bat parean suertatzen bazait eta aterata daukadan natura argazki bat lehiaketa horretara egokitzen bada, parte hartu izan dut", dio Aizkorbek.
Sergio Moreno, aldiz, bidaia argazkilaria da. "Bidaiatzea eta argazkiak ateratzea gustuko ditut eta nire kasuan eskutik lotuta datoz. Indian, Estatu Batuetan... orain Italiara joango naiz argazki tour bat egitera". Morenok bidaiaren arabera argazkilaritza soziala edo paisaia erretratuak ateratzen ditu: "Indian edo Thailandian jendea erretratatzeko aukera izan dut; Estatu Batuak, aldiz, pasaiak ateratzeko oso aproposa da".
Astelehenetan batzen dira
Bilera, herritarrei irekia da eta gura duenak argazkilaritzaz jardutea Olaranen duten lokalera jo dezake. Taldea, 18:30ean batzen da astelehenetan –hamabostean behin–. "Nahi duenarendako ateak zabalik ditugu".