Haur sahararrei elkartasuna
Oporrak Bakean programari laguntzeko, egubakoitzean Zurrategi plazan herritarrendako jaia egingo dute elkarlanean Sagirik eta Anelkar elkarteek (19:30ean). "Saharako gastronomia tradizionalaren parte diren pintxo morunoak eta datilak banatuko ditugu bertaratzen direnen artean. Batzen dugun dirua, udan aurrera eramango dugun ekimenari laguntza emateko da. Arrasateko aterpetxera hamar haur ekarriko ditugu Saharatik uztailean eta bi hilabetez egongo dira gurean", azaldu du Sagiri elkarteko Marta Sanchezek.
Aterpetxea, Udala auzoko Arrasateko ingurumen eskolan egongo da. 10 eta 12 urte arteko gaztetxoek hemengo bizimoduaz eta kulturaz bat egingo dute. "Ekintza ugari antolatu ditugu udalekuekin. Jaietan ere ibiliko gara eta Arrikrutzera ere joango gara. Baina iritsi bezain pronto ezinbestean mediku azterketa eta haginlariari bisita egingo diote. Oso gustura egoten dira gurean baina gero etxera, familiarengana bueltatzeko ere desiratzen egoten dira".
'Sahara, 40 urteko erbesteratzea'
Andoni Lubaki argazkilariak Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizitakoa eta erretratatutakoa jaso du. Sahara, 40 urteko erbesteratzea erakusketan batu ditu bertan bizitako esperientzia eta gertaerak. Orain, O laran etxean jarri ditu ikusgai.Erakusketa bihar eta domekan bisitatu daiteke 18:30etik 20:30era bitartean.