Lehen kilometrotik euriarekin borroka egin behar izan dute gazte mailako ziklistak. 67 kilometro gogor izan dituzte aurretik. Lehen zatian Oñatiraino joan dira eta Zubillaga auzoan buelta egin eta Antzuolarako noranzkoa hartu dute. Deskarga igo eta Udanatik behera, Oñati pasa eta Bergaratik, Antzuolara joan dira berriro. Lehenengo sarreran, Uzarragako bidegurutzea hartu eta hor hasi da benetako lehia. Bi kilometro gogor horietan erakutsi dute Isidoro San Justo taldeko ziklistek eurek zirela indartsuena. Guztien gainetik, Rodriguez gailendu da.
Lehen hamarren artean lau txirrindulari sailkatu direnez, Kantabriako Isidoro San Justo taldeak irabazi du talde onenaren saria.
Antzuolar onena
Haren atzetik gainerako ziklistak. Banaka-banaka. Neke aurpegiarekin. Eta, zortzigarren lekuan, Iñigo Aranburu antzuolarra. "Hoztuta eta nekatuta heldu naiz. Deskargako igoeran gehiagi eman dut eta hustuta heldu naiz Uzarragara. Onerako eta txarrerako oso ondo ezagutzen dut igoera hau eta banekien sufritu egingo nuela", esan du bukaeran.