'Alizia' gaurkotua aurkeztuko duzue?
Gaur egungo testuinguruan kokatu dugu istorioa. Gizarte kontsumistara egokitu dugu eta mezu hori zabaldu gura izan dugu gaztetxoen artean.
Wifia ere protagonista da.
Bai gaurko gaztetxoek nobelak irakurri baino wifia eta telefono mugikorrak erabiltzen dituzte. Alizia pantaila baten barruan sartuko da adaptazio honetan.
Zuzendaria, gidoigilea, aktorea...
Erronka bat izan da. Adaptazioa egitea niretzako zailagoa izan da; eginda dagoen lan bat egokitzea desbirtuatu gabe zaila da. Zuzendari eta aktore lanak ere egiten ditut. Zuzendari artistikoa, berriz, Valen Moñux da. Baina dena denon artean egin dugu.
Zuretzako berezia izango da.
Bai, Antzuolako eskolan ikasi nuen eta Antzuola nire bigarren etxea da. Ikaskide asko guraso dira eta euren seme-alabendako emanaldia eskaintzeak ilusioa ematen dit. Valenendako ere berezia izango da. Torresoroa areto berritua bere proiektua izan delako eta bere semetzat duelako areto goxo hori.
Musikala zabaltzeko asmoa duzue?
Bai, hiriburuetara joatea gura dugu baina negoziatu beharra dauzkagu baldintzak. Izan ere, gustuko dugulako egiten ditugu horrelako ikuskizunak eta irabazten dugun diru guztia ikuskizuna finantzatzeko da: autobusak, janaria, audio teknikariak, proiektorea... gastu asko daude.