Eztalak ohiko erabilera izango du, oraingoz

Maider Arregi 2018ko mar. 14a, 10:02

Aurreko astean lur mugimendu bortitzagoak identifikatu zituzten Eztalako ingurunean. Aldagelen eraikineko horma, esaterako, kanporantz hazi da eta bertako pitzadurak hiru milimetroko zabaleraz hedatu direla ere neurtu dute obrako teknikoek.

Azken astean Eztala inguruko lur mugimenduak areagotu egin dira, bortitzagoak dira, eta aldageletan zeuden pitzadurak ugaritu eta handitu egin dira hasi duten beste obra baten ondorioz. Gainera, eraikinaren horma bera ere kanpoaldera mugitu dela ohartu dira bertako erabiltzaileak.

Horregatik, neurriak hartu eta obra handia hasi du Diputazioak Antzuolako Eztala futbol zelaiko aparkalekuan. "Aurreko astean, autobideko lan jakin batzuk hasi zituzten eta badirudi horren eraginez lur mugimendua azkartu egin dela. Lehen bizkorra zen mugimendua, are bizkorragoa da orain eta aste batean hiru milimetro inguru mugitu del lurra konprobatu dute teknikoek. Abiadura horretan jarraituz gero, pentsa! Eraikin batendako hori ikaragarria da", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.

Obra handia

Mugimendu horiek geldiarazteko asmoz, hasi dituzte egonkortze lanak. Guztira, 24 metroko eta 1'5 metroko diametroa duten altzairuzko 11 pibote sartuko dituzte Eztalako aparkalekuan. "Teknikoek neurketak egin dituzte eta ikusi dute betiko mugimendua bizkortu egin dela eta orain sei bider hadiagoa dela mugimendua. Orain, altzairuzko 11 pibote sartuta mugimendua geldiaraziko dutela esan digute", dio alkateak.

Kezka antzuolarren artean

Eztalako egoerak kezka sortu du bai erabiltzaileen artean eta baita ere guraso zein herritarren artean. Antzuolako Kirol Elkarteko presidente Ibon Gezalagak aitortu dio GOIENAri urduritasuna badutela egoera zein den ikusita: "Oraingoz Eztalan egingo ditugu entrenamenduak eta partiduak. Baina egunez egun joan beharko gara hemengo egoera ikusiz. Badaezpada, alternatiba bila hasiak gara". Maiatza bukaera arte iraungo dute lanek eta aparkalekua itxita egongo da. Eztalara oinez edo bizikletaz igo beharko da.

Diputaziotik, lasaitasuna

Diputaziotik, berriz, lasaitasun mezua bidali dute eta ez dagoela arriskurik diote autobideko obrako teknikariek: "Aurrez erabakitako lanak dira; izan ere mendia betidanik mugitu da zona horretan eta jakinekoa zen mugimendua bazegoela bertan. Autobideko proiektuak, hor lanak egitea aurreikusita zeukan; eta orain, mugimendu azkar horiek ikusita, proiektua bera egokitu dugu. Ez da apartako ezustekorik izan. Obra guztietan beti egokitu behar izaten dira-eta lanak. Arriskurik ez dago eta kiriol jarduerekin jarraitu dezakete Eztalan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak