Martxoaren 8a: Indartuta eta ekintzaz beteta

Maider Arregi 2018ko mar. 1a, 19:00

Antzuolan jaio berri den Andramanuelak emakume taldeari esker, aurten Martxoaren 8aren bueltan egingo diren ekintzak presentzia handiagoa izango dute. Udala eta Gizarte zerbitzuekin elkarlanean, ondorengo egunetan aldarrikapenez jantziko da herria.

Bihartik datorren asteburura arte –martxoak 10 eta 11– makina bat ekintza egingo dituzten herrian. Martxoaren 8aren bueltako aldarrikapena ozen zabalduko dute. Aurten gainera, Andramanuelak, Gizarte zerbitzuek eta Udalak elkarlanean jardun dute eta egitarau oparoa antolatu dute. Tailerrak, filmak, erakusketa, solasaldia, festa, aldarrikapena... Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan protagonista izango dira.
"Andramanuelak herriko emakume taldeak dinamika ona lortu du herrian eta baita ere Debagoiena mailan. Eurak dira motorra eta protagonista. Gu laguntzeko gaude eta babes osoa emango diegu gainera. Gogoa, ilusioa eta iniziatiba du herriko gazte taldeak. Oso garrantzitsua da gainera horrelako elkartea izatea herrian. Herri baten bizitzarako eta dinamizaziorako oso garrantzitsua da horrelako talde baten sorrera", azaldu du Antzuolako Gizarte zerbitzuetako Karmele Korta teknikariak.
Gizarte Ongizate zinegotzi Alaitz Igarzabalek ere antolatutako ekintzen gaineko balorazio positiboa egin du eta herritarrei ekintzetan parte hartzeko eskaera ere egin die: "Bageneukan gogoa emakume talde bat izateko herrian. Udaletik laguntza emango diegu eta eurek antolatutako ekintzak bultzatuko ditugu, noski. Elkarlan hau gainera urte osora zabaldu gura ditugun ekintzekin bultzatu gura dugu".


Egitarau zabala
Bihartik datorren asteburura arte makina bat ekintza daude antolatuta. Bihar, martxoak 3, Antzuola ere emakumeen Debagoieneko martxan izango da. 10:00etan Bergarako azokan batuko dira bergararrekin eta Elorregira joango dira.
Martxoaren 4an, domeka, 17:00etan besoko moreak egiteko tailerra egingo dute Torresoroan; ondoren, 18:30ean emakumeak protagonista diren film emanaldia izango da bertan.
Martxoaren 6an, martitzena, martxoaren 8rako deituta dagoen grebari buruzko hitzaldia eskainiko dute Olaranen.
Eta martxoaren 8an, 12:00etan elkarretaratzea egingo da plazan eta 20:00etan manifestazioa eta ondoren luntxa.
Martxoaren 10 eta 11n Erdialdeko Ameriketako emakumeen lana azaleratzen duen erakusketa izango da ikusgai Olaranen (18:00-20:00).
Martxoaren 10ean, baina, 12:00etan erakusketa azaltzeko hitzaldia egingo dute. Eta arratsaldean, martxoak 10, Olatu morea (17:30ean) kalejira eta afaria egingo dute gaztetxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak