Ane Zabala arrasatearra eta Hassan Aitchaou villabonarra izan dira azkarrenak Antzuolako helmugan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko ots. 18a, 14:49

Ane Zabalak eta Hassan Aitchaouk nagusitasun osoz irabazi dute Antzuolako 8 miliak lasterketa. Hasieratik jarri dira lasterketaren buruan. Zabalak 1.25.15eko denbora behar izan du lasterketa amaitzeko; Aitchaouk, aldiz, 1.07.25ekoa. 226 lasterkari irten dira Antzuolako plazatik, eta helmugara 222 iritsi dira.

Lokatza izan da gaurko protagonista. Irimorako azken maldan "pauso bat aurrera eta bi atzera" egiten zutela azaldu dute lasterkari askok, helmugan. Beherakoan, berriz, kontuz ibili behar izan dute, erorikorik ez izateko. Hala ere, korrikalariak gustura geratu dira egunak eman duenarekin.

Gizonezkoen podiuma

Helmugara lehenengo iritsi da Hassan Aitchaou billabonarra. Lehenengo aldiz lehiatu da Antzuolan eta "pozik" geratu da lortutako emaitzarekin. 1.07.25eko denbora egin du; bigarren Andoni Gomez bergararra sartu da 1.10.27ko denbora eginda; eta, hirugarrena Aser Arza bilbotarra izan da –1.12.03–.

Aitchaouk azaldu du lesio batetik irten berri dela, eta gaur hasi duela denboraldia. Gustura zegoen egindakoarekin, eta lasterketa "polita eta era berean gogorra" iruditu zaio. Aurrera begira Aizkorriko mendi maratoia du buruan.

Gizonezkoen lehian, Aitchaouk hasieratik hartu du aurrea; Irimora bera iritsi da lehenengo eta atzetik izan du Gomez bergararra. Hirugarren posturako lehian Arza eta Baleztena antzuolarra ibili dira. Baleztenak 17 urte besterik ez ditu eta gaur egin du debuta etxeko proban. "Atzo futbol partidua izan nuen, eta gaur nabaritu egin dut nekea hanketan", azaldu du lasterketa amaieran. Hala ere "oso pozik" zegoen emaitzarekin. Arza bilbotarrak Baleztena goraipatu du: "Etorkizun handiko korrikalaria da".

Emakumezkoen podiuma

Emakumezkoen lehian hasieratik jarri da Zabala aurrealdean. Arrasatekoak 1.25.15eko denbora egin du; bigarren Ainhoa Aspiazu bergararra sartu da 1.32.46ko denborarekin; eta, hirugarrena Eskoriatzako Ane Perea izan da –1.33.54–. Bailarako korrikalariek osatu dute podiuma Antzuolan.

Zabala arrasatearrak lehenengo aldiz egin du Antzuolako proba eta gustura geratu da emaitzarekin. Gainera, txapela lortzerik ez zuela espero azaldu du. Aspiazu eta Perea ere pozik zeuden emaitzarekin. "Lasterketan zehar esan didate bigarren nindoala; nik neuk ez dut Zabala ikusi, ezta Perea ere", esan du.

Herriko onenak

Emakumezkoetan Deiane Zubikarai izan da antzuolar azkarrena –1.55.44–, eta gizonezkoetan, laugarren sailkatu den Jon Baleztena gaztea –1.12.21–. Beteranoetan Julen Lizarraga (Leitza) eta Izar Urtega (Antzuola) izan dira onenak. Antzuolako plazatik 226 korrikalari irten dira, eta helmuga puntura 222 iritsi dira.

Gaurkoan, lasterketaren egoerak ez du lagundu errekorra apurtzen. Gizonezkoetan Juanjo Igartzabalek du errekorra 1.04.38ko denborarekin; eta, emakumezkoetan Leire Fernandezek 1.18.29ko denborarekin. Errekorra apurtzen zuenarentzat 100 euroko saria zegoen, baina ez du inork eraman.

Erronka bota du Jose Ignazio Garitanok

Orain dela 55 urte Jose Ignazio Garitanok Gorla gainean dagoen elkarte bateraino igotzen, eta handik jaisten 34 minutu pasa behar izan zituen. Bada erronka bota du Garitanok berak: errekor hori hausten duenari bazkari edo afari bat ordainduko dio. San Isidro egunean izango da erronka eta parte hartu gura duenak Antzuolako Udaletxean eman beharko du izena.

Erlazionatuak

Antzuolako 8 Milak, argazkitan

Imanol Soriano 2018 ots 18 Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak