Xabier Luque: "Herritarrek lehenetsiko dituzte Plan Estrategikoaren ildoak"

Maider Arregi 2018ko ots. 16a, 11:39

Antzuolako Plan Estrategikoa (2018-2030) herritarren aurrean aurkeztu zuten atzo; orain, planaren ildo nagusiak erabakitzeko, saio irekiak egingo dituzte antzuolarrekin. Herritarrendako informazio gune den Webgunea eta logoa ere aurkeztu dute: www.antzuolaeitten.eus.

Etorkizuneko Antzuola irudikatuko duen plan estrategikoaren nondik norakoak aurkeztu eta azaldu berri diete herritarrei. Aztiker enpresak gidatuko du Antzuolako Plan Estrategikoa (2018-2030). Xabier Luque teknikariak herritarren parte-hartzearen garrantziaz jardun du GOIENArekin asteon.

Prozesu parte-hartzaile horren helburua zein da?

Herritarrek nolako Antzuola gura duten erabakitzea eta adostea da helburua. Prozesu hau Udalak eta ordezkari politikoek bultzatuta sortu da. Izan ere, hainbat eztabaidatan ikusten dute denen onerako eta gatazka politikoak ekiditeko, beharrezkoa dela etorkizunari begira norabide bat markatzea. Horretarako, ikusten dute modu bakarra dela, hain zuzen ere, Plan Estrategikoa herritarrekin sortzea. Herritarrei entzun eta erabakitzen duten norabidea jarraitzea, alegia.

Jarraipen Batzordea osatu dute politikariek. Zein eginkizun dute?

Erraz esaten da herritarrek erabaki behar dutela, baina prozesu hori antolatzeak zailtasunak sortzen ditu. Horregatik, prozesu honetan Jarraipen Batzordeak prozesu osoa gainbegiratu beharko du eta prozesuaren errepasoa egingo du. Ez du markatuko nondik nora joan behar den.

Talde eragileak ere eginkizun garrantzitsua dauka.

Talde anitza osatzen duten herritarrak dira. Prozesuari dagozkion erabakiak hartu eta eztabaidatuko dituzte, inongo interes politikorik gabe.

Saio irekiak egingo dituzue orain.

Herritarrek parte hartzeko aukera izango dute martxoan, apirilean eta maiatzean egingo diren saioetan. Martxoan, guk aurrez egin dugun Antzuolaren gaineko diagnosia osatuko dugu. Hutsuneak identifikatuko ditugu herritarren ezaguerei esker eta lan ildo nagusiak identifikatuko ditugu. Apirilean eta maiatzean, ildo nagusiak garatu eta sakonduko ditugu. Ekintzak proposatu eta baloratuko dira.

Eta ekainean herritarrek bozkatu egingo dituzte ekintza horiek?

Lehentasuna duten ekintzak zerrendatzeko, bozketa egingo da. Etxez etxe banatuko da zerrenda eta herritarrek eurendako garrantzitsuenak direnak markatu beharko dituzte.

Irailean bukatuko da parte-hartze prozesua, ezta?

Bai. Udalak aurrekontuen aurreikuspena egingo du eta herritarrek bozketan lehenetsi dituzten ekintzak aintzat hartuz idatziko dute Antzuolako Plan Estrategikoa (2018-2030).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak