Guztira, 38 bikotek parte hartu dute herriko mus txapelketan. Parte hartzaile kopurua goraka doa urtetik urtera eta antolatzaileak oso pozik daude. "Lau kanporaketetan jende askok parte hartu du. Oso giro polita izan dugu Antzuolan", kontatu du Jesus Kortabarria Kaxeta antolatzaileak. Aurten, gainera, gazte askok parte hartu dutela azpimarratu du: "Gazte asko animatu da musean egitera. Egia da beteranoek ez bezala entrenamendu eta mus-joko ordu gehiago falta zitzaiela antzeman dela, baina pozgarria da musean egiteko ohitura horri eutsiko zaiola ikustea".
Izan ere, Antzuola mus jokoan tradizio handiko herria da. "Antzuolako jokoak badu berezitasun bat: zortzi erregerekin jokatzen da. Dena den, finalean lau erregerekin jokatzeko konbentzitu gura ditut bikoteak. Kontua da Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan lau erregerekin jokatu beharko dutela". Kaxeta-k gaineratu du Angiozarren badutela egun indarrean duten beste joko bat: hamar erregerekin. "Bi komodinekin jokatzen dute, eta joko zailagoa da. Hala ere, oraindik jokatzen dute. Neuk ere ikasi nuen eta jokatu ere jokatu izan dut".
Finala, domekan
Arin jatetxean urtarrilaren 28an, 16:30ean, jokatuko dute finala bikote hauek: Markel Lete eta Gorka Etxezarreta; David Martin eta Ion Pagaldai; Mikel Gabilondo eta Asier Unamuno; Xabi Iparragirre eta Ion Etxezarreta; Iosu Asensio eta Iosu Zubikarai; Iker Murua eta Iosu Larrea; eta Joseba Azkarate eta Claudio Cabrerak, hurrenez hurren. "Zazpi bikote dira, eta ez zortzi, sailkatuak; horrek esan nahi du bikote bat zuzenean finalera pasako dela. Zozketa egingo dugu bikote hori aukeratzeko". Hala, herriko lau bikotek otsailean Bergaran jokatuko dute Gipuzkoako finala. Eta hortik hautatuko dira Euskal Herrira joango diren ordezkariak.