Udal gimnasioa, iazko uztailetik itxita dago. Izan ere, zein enpresak kudeatuko duen aztertzen dabil Udala. Bien bitartean, eta denbora tarte hori aprobetxatuz, gimnasioa margotu egin dute eta irisgarritasun lanak ere egin dituzte sarreran. "Lokala txukuntzeko aprobetxatu dugu itxita egon den bitartean. Eskailerak igo eta jaisteko plataforma ere jarri dugu mugikortasun arazoak dituztenei gimnasioa egokituz. Hobekuntza hauekin uste dugu zerbitzua hobetu egiten dela", kontatu du Beñardo Kortabarria alkateak.
Gimnasioa itxita, momentuz
Bi deialdi ireki egin dira eta ez da inor aurkeztu. Horregatik deialdi negoziatua egiteko prozesua martxan jarri du azken asteetan Antzuolako Udalak. "Guk eskaintzen duguna eta eurek eskaintzen dutena negoziatzen ari gara. Une honetan bi enpresarekin gabiltza harremanetan. Hausnartu ostean, erabakirik onena aukeratuko dugu; izan ere, gure asmoa da lehenbailehen herritarrei zabaltzea".
Udalaren asmoa baina, pixkanaka material gehiago erostea ere badela aurreratu du alkateak. "Une honetan, baina, eskaintzen dioguna gimnasioa kudeatuko duen enpresari da lokal bat eta material pixka bat. Baina, prozesu eta lehiaketa honetan ikusi duguna da, lokala soilik eskaintzeak mugak jartzen dizkiola enpresari. Izan ere, enpresak materiala erosi beharko du eta inbertsio ekonomikoa suposatzen dio horrek. Horren aurrean, bagabiltza pentsatzen materiala poliki-poliki erosten joatea. Baina, erabakirik ez daukagu hartuta. Orain, lokala daukagu eta eskaintza ere horren inguruan egina dago", argitu du Antzuolako alkate Beñardo Kortabarriak.
Orain lehentasuna baina, gimnasioa irekitzea dela dio: "Sei hilabete pasa dira lehiaketa deitu genuenetik eta sei hilabete itxita egon da. Kalean jendeak ere galdetzen du, arduratuta dago eta gure asmoa da lehenbailehen zabaltzea eta zerbitzua herritarrei berriro ere bueltatzea", argitu du.
Zerbitzu hobea
Deialdiaren helburuetako bat gimnasioaren zerbitzua hobetzea dela ere azpimarratu du alkateak: "Herritarrei zerbitzu hobeagoa ziurtatzeko helburuarekin estutu ditugu kudeaketarako baldintzak: ordutegi malguagoa, monitorea gainean egotea... Oraindik negoziatzen ari gara enpresekin, baina helburua da zerbitzua hobetzea".
Mugikortasun arazoa duenari laguntza
Aurrerantzean, mugikortasun arazoa duen erabiltzaileak gimnasioko sartu-irtena egiteko arazorik ez du izango. Izan ere, sarrerako eskaileran plataforma mugikor bat jarri dute-eta. Argazkian ikus daitekeen moduan, asteon azken ukituak ematen ari dira, baina gimnasioa irekitzean erabilgarri egongo da plataforma.