Badator Olentzeroren eta Mari Domingiren magia

Maider Arregi 2017ko abe. 22a, 10:31

Ekintza ugarirekin gozatzeko aukera egongo da Antzuolan ondorengo egunetan. Kirola, musika, kantua eta, nola ez, txikitxoenendako ekintzak izango dira nagusi. 'Ez dot moztuko bizarra' taldeak ere kaleratu du Gabon egunetarako egitaraua.

Gabonak iritsi dira. Ilusioz beteriko egunak, bereziki etxeko txikitxoenendako, ate joka daude. Festa giroa eta opor egunak aprobetxatzeko, ekintza ugari antolatu ditu Antzuolako Udalak. Musika eta kantua Bihar, The Upper Room taldearen gospel kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Torresoroan, 19:00etan. Gospel kanturik ezagunenak kantatuko dituzte, euskaraz eta ingelesez; ikuskizun parte-hartzailea izango da eta bertaratutakoak ez dira epel geratuko.

Domeka goizean, eskolako umeen eta gurasoen eskutik, kalejira egingo dute 11:00etan. Errekaldetik abiatuko dira; euria eginez gero, eskolako patioan. Arratsaldean, 18:30ean, Olentzero eta Mari Domingi jaitsiko dira San Josetik herrigunera. Horren ondoren, ekitaldi nagusia egingo dute plazan eta txikitxoek euren eskaerak egingo dituzte.

Kirola ere bai

Abenduaren 26an, betekada arintzeko aukera ederra izango dute antzuolarrek. Familia giroan, bikotean edo lagun artean, San Esteban krosean parte hartzeko aukera izango dute. Debagoieneko Gabon kopa ere jokatuko dute gaztetxo pilotariek. Finala abenduaren 31n jokatuko da, Antzuolan. Urte berriari ongietorria kirola eginez emateko aukera ere izango da, Arrolan. Bertaratzen direnendako, salda eta txistorra egongo da.

Herriko txikiak

Abenduaren 28an , urtero legez, haur parkea jarriko dute, goiz eta arratsaldez, eskolako patioan. Eta urtarrilaren 2an, Do, re, ni family dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute Torresoroa aretoan, 3 eta 12 urte arteko umeendako. 'Ez dot moztuko bizarra' Ez dot moztuko bizarra taldeak ere Gabonetarako ekintzak antolatu ditu. Hala, abenduaren 24an, luntxa eta material salmenta egingo du Zurrategin, 12:30ean. Abenduaren 25ean presoen aldeko elkarretaratzean parte hartzeko dei egin diete antzuolarrei, Zurrategin, 13:00etan. Eta abenduaren 29an, azken egubakoitzeko elkarretaratzea egingo dutela gogorarazi dute. Abenduaren 31n, Antzuolako Sarek antolatutako ekimena izango da, 18:30ean, Zurrategin –urtarrilaren 13ko manifestazioaren harira–. Urteko lehen egunerako ere elkarretaratzea deitu dute, 13:00etarako, eta Bilbora joateko dei egin dute. "Bilbora joateko autobusean izena emateko aukera Aitz Garbin, urtarrilaren 11ra arte", azaldu dute. (Ekintza guztiak, zehatzago, Gabonetako agendan)</p>

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak