Herriko bizikidetzari onarpena eta babesa eman diote

Maider Arregi 2017ko abe. 20a, 12:53

Bizikidetza lantzearen aldeko Udal adierazpena aho batez onartu zuten atzoko osoko bilkuran. Ostean, EH Bilduk 20018rako aurrekontu proposamena aurkeztu zuen. Urtarrilean eramango ditu Udal Gobernuak aurrekontuak osoko bilkurara onartu daitezen.

Martitzenean egin zen urteko azken ohiko osoko bilkura. Hainbat hitzarmen onartu ziren. Batetik, kultura hitzarmeni dagokiena. Hala, Oinarin dantza taldeak, Alardearen elkarteak eta Alborada txistu taldeei diru laguntzak banatuko zaizkie. Hiru kultura taldeen artean sei mila euro banatzea onartu zuten aho batez EH Bilduk eta EAJ-k –alderdi sozialistako zinegotzia ez zen bertan izan–.


Bestetik, kirol hitzarmenean proposatutako aldaketa ere onartu zuten. "Kirol elkarteek, urte hasieratik orain arten egindakoaren memoria aurkeztu dute; Eta horren arabera banatuko dira diru-laguntzak. Hori da proposatu dugun aldaketa", argitu zuen Kirol zinegotzi Garazi Larreak. Hala, proportzionalki, horrelaxe banatuko zaie elkarteei zazpi mila euroko diru laguntza: Aiastui taldeari 925 euro; AKEri 2.973 euro; Ariznoa gimnasia taldeari 326 euro; Arrola mendi taldeari 832 euro; Lokatza ziklismo taldeari 330 eta Olalde pilota elkarteari 1.612. Aipatu ere 2016ko kontu orokorrak onartuta geratu zituztela atzo.


Bizikidetza lantzen
Aho batez bizikidetza proiektua bultzatzea eta babestea onartu zuten EH Bilduk eta EAJ-k. "Erakunde ofizialen laguntza eta errekonozimendua jasotzea ezinbestekoa da proiektua babesteko. Gertatutakoaren diagnosia egitea interesgarria da bizikidetza bultzatzeko", esan zuen alkateak. Bestalde, EAJ-ko Luis Jabier Telleriak azpimarratu zuen, edozein herritarrei irekia izatea garrantzitsua zela eta edozeinek parte-hartzeko aukera zuela.

2018ko aurrekontu proposamena, mahai gainean

Osoko bilkura ostean, EH Bilduk 2018rako aurrekontuen proposamena jarri zuen mahai gainean. Nabarmentzeko esan, iazkoak baino 15.714 euro gehiago izango dituela –2.701.714 euro–. Proposamenen artea, besteak beste, Landa bideen konponketarako 30.000 euro eta bide publikoen mantenurako 100.000 euro bideratzea daude. "Zenbait bidek asfaltatzeko beharra dute egoera kaxkarrean baitaude", azaldu zuen alkateak. Bidebarri mankomunitatera ere 167.700 euro inguru bideratuko ditu Antzuolako Udalak. "Premia eta beharra duten herritar guzti-guztiei laguntza iristea gura dugu". Herri lurrak ere erosi gura ditu Udalak eta 30.000 euro bideratuko ditu. "Herriak kudeatu ahal izateko erosiko dira lurrak", gaineratu zuen Beñardo Kortabarria alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak