Hirugarrenez, kirola eginez ekingo zaie Gabonei

Maider Arregi 2017ko abe. 15a, 08:00

San Esteban krosean izena emateko epea gaur, egubakoitza amaitzen da; helburua Gabonetako festak kirola eginez ospatzea da. Aurten, gainera, Pilotako Gabon Kopako finalak Antzuolako pilotalekuan jokatuko dira, abenduaren 31n, domekan.

Mozorrotuta, bakarka, lagun artean, seme-alabekin... jai giroan eta kirolaz gozatuz aurten ere San Esteban krosean parte hartzeko dei egin gura die Udalak herritarrei. Urtetik urtera, geroz eta kros jendetsuagoa bilakatu da Antzuolako lasterketa; eta dagoeneko Debagoien mailan antolatzen diren Gabonetako herri mailako lasterketen artean izen propioa izatea lortu du. Aurten, hirugarrenez egingo da, gainera.

"Lehenengo urtean herriko asko animatu zen; baina iaz, kanpotik ere etorri ziren korrika egitera. Aurten, nobedade gisa, mozorrotutako lasterkarien artean bi kilo babarrun zozketatuko ditugu", dio Kirol zinegotzi Garazi Larreak. Helburua kirola sustatzea dela gaineratu du: "Herrian kirola sustatzea eta, lasterketa motza denez, kirolik egiten ez dutenak kirola egitera animatzea da helburua. Antzuolan sortzen den giroa pozgarria da benetan".

Ibilbidea

San Esteban krosak –abenduak 26– hiru txanda izango ditu, ahalik eta herritar gehienek parte har dezaten. 17:30ean, 5-8 urtekoak; 17:45ean, benjaminak, alebinak eta infantilak; eta 18:00etan, kadeteak eta helduak. Ordutegi bakoitzean, maila desberdinetako gaztetxoak batera irtengo dira, baina maila bakoitzak bere ibilbidea egingo du.

Izen-ematea

Gaur, egubakoitza, da izena emateko azken eguna. Udaletxean, liburutegian eta liburu dendan eman daiteke. Epe horretatik kanpo izena ematen duenak ez du Ternua sarien zozketan parte hartuko. Lasterketa antolatzeko, boluntarioak behar dituzte.

 

Gabon Kopako finala, herrian

Benjamin, alebin eta infantil mailetako 60 bat bikotek hartuko dute parte aurtengo Gabon Kopan. Debagoien mailan egiten den pilota txapelketa da, eta, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Aramaio, Bergara eta Antzuolako ordezkariak izango dira. –Eskoriatzak ez du bikoterik aurkeztu–. Aurten, gainera, Antzuolako Olalde taldea da antolatzailea eta finala Antzuolako pilotalekuan jokatuko da, hilaren 31n. 26an hasiko dira partiduak, goizeko hamarretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak