Euskararen bueltako mahai-inguru sorta aurkeztu dute Antzuolan

Iker Oñate 2017ko abe. 3a, 19:42

Euskara ardatz duten mahai-inguruak eskaintzeko ekimenari heldu diote antzuolarrek. Gaur, domeka, aurkeztu dute egitasmoa Zurrategi plazan, jai giroan.

Bertsolariek eta trikitilariek girotutako luntxa izan dute gozagai bertaraturikoek; bitartean, egitasmoaren bultzatzaileek esku orri bidez zabaldu dute mahai-inguru sortari buruzko informazioa. Jende asko erakarri du hitzorduak.

Mahai-inguruak, abenduan hasita

Zergatik euskaraz? galdera izango dute oinarrian mahai-inguruek. Zehatz esanda, hilabete honetan egingo dute lehen saioa –abenduaren 12an–, eta datorren urteko abendura arte luzatuko da egitasmoa; herriko enpresen bueltako gonbidatuak izango dituzte egun horretan.

“Goizperko, Matz-Errekako eta Elayko esperientzia ekarriko dugu mahaiaren bueltara. Besteak beste, horietan garatutako euskara planak izaniko eragina landuko dugu”, azaldu du Euskara zinegotzi Jon Ugarteburuk. Hala, gizarteko alor ezberdineko jendea bildu gura dute berbaldietan.

Urtaro bakoitzean saio bat eskaini gura dute bultzatzaileek; beraz, guztira, bost lirateke eskainiko lituzketen saioak. Horietan, enpresaren bueltakoek ez ezik, musikariek, euskararen aldeko apustua egin duten atzerritarrek, antzerki munduko pertsonek eta komunikabideetako kideek ere esku hartuko lukete. Gaur-gaurkoz, zehaztu gabe dituzte hurrengo hitzorduak.

 

Argazkiak: Jabier Etxaniz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak