Gaztetxoek izango dute ekintzak antolatzeko ardura aurten ere

Maider Arregi 2017ko aza. 3a, 09:00

Azaroko lehen asteburuan –azaroak 4 eta 5– irekiko
ditu aurtengo ikasturteko ateak herriko gazte txokoak

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere gazte txokoko dinamizatzaileek herriko gaztetxoen esku utziko dute erabakia. Hau da, nolako ekintzak edo jarduerak antolatu gura dituzten hausnartzeko eta erabakitzeko ardura. Izan ere, Amaia Arana hezitzaileak azpimarratu du aurrez ekintzak prestatzeak eta lotzeak ez duela logikarik: "Hezitzaileok ekintzaren bat edo beste aurreikus dezakegun arren, ez dago aurrera eramango den ekintzarik zehaztuta oraindik. Gaztetxoen esku utziko ditugu erabakia eta ikasturte honen nondik norakoak. Zapatuan, lehen egunean, batzar irekia egingo dugu gazteekin. Zer egin nahi duten jakin gura dugu. Hala, meriendatxo batekin lagunduta hitz egingo dugu. Izan ere, beraien interesak aintzat hartu eta beraiena den gazte txoko bat sortu nahi dugu: hurbilekoa den zerbait, aske sentitu eta gustura dauden txokoa egin gura dugu eta. Beraz, zentzu gutxi dauka ekintzak guk bakarrik antolatzeak".

Aste Santura arte zabalik

Bihar, zapatua, zabalduko ditu ateak herriko gazte txokoak. Zerbitzua Aste Santu ingurura arte egongo da zabalik. Zapatuetan 17:00etatik 21:00etara bitartean eta domeketan 17:00etatik 20:00etara. DBH-1 eta DBH-3 arteko gaztetxoei zuzenduta dago gazte txokoa eta gaur egun, adin tarte horretan, 63 gaztetxo daude Antzuolan. Hala, sei hilabetez irekita egongo da 13 urtetik 16 urte arteko gaztetxoendako txokoa. Beraz, garrantzitsua da azaroko lehen asteburuan ahalik eta jende gehien elkartzea, ideiak garatzen joan ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak