Eztalako aldageletako lurra beti mugitu izan dela dio Kortabarriak. "Lur hori ez da batere egonkorra. Aurretik ere bazeuden pitzadurak, baina duela 15 bat urte eraikinaren egoera egonkortzeko obra batzuk egin zirenetik, aldageletako pitzadurak bere horretan mantendu dira". Duela hilabete batetik, baina, autobideko obretan izandako lur-jausi baten ondorioz, "pitzadurok asko zabaldu dira".
Mendia eusteko lanetan
Lur-jausiaren ondoren, mendia eusteko lanak egiten ari da une honetan foru aldundia eta Beñardo Kortabarriak aurreratu du, behin lanok bukatzen direnean hasiko direla Eztalako eraikina konpontzeko lanak. "Aurretik egiteak ez du zentzurik, pitzadurak berriz ere azalduko lirateke-eta", dio.
Aldagela prefabrikatuaren zain
Egoera zein den ikusirik, Udalak aldagela prefabrikatu bat eskatua du dagoeneko. Hamabost egun barru iritsiko da hori, eta orduan, itxi egingo dira aldagelak. Pitzadurek egunotan okerrera egiten dutela ikusiko balute, berehala hartuko litzateke aldagelak ixteko erabakia. "Beste ezeren aurretik, segurtasuna bermatu behar dugu", dio Kortabarriak.