Ikurrin dantza, gorulari, arin-arina eta fandangoa, makil dantza... dantzaz jantziko dira Antzuolako kaleak domekan ospatuko den Haur Dantzarien Egunean. Goizeko hamarretan, herriko txistularien kalejirak lagunduta, haur dantzariei harrera egingo zaie. 11:15 aldera, taldeen kalejirak egingo dira herrian barrena eta 12:45ean, Herriko Plazan eguerdiko saio nagusia egingo da. 13:30ean, berriz, haurrak etxeetan banatuko dituzte.
Askotariko dantzak
Aurten ere 200 haur dantzari inguru etortzea espero da. Urrats –Soraluze–, Txikitxu eta Lore Gazteak –Arrasate–, Leizarra –Aretxabaleta–, Oñatz –Oñati–, Korosti –Legazpi– eta Irrintzi –Urretxu-Zumarraga– izango dira etorriko diren taldeak. "Guztira, 175-200 haur inguru etorriko direla aurreikusten dugu. Oinarinen, egun, 150 bat haur dauzkagu. Aurtengo irailean 1. eta 2. mailetakoak hasi dira eta domekan goizean egingo dute dantza", azaldu du Oinarineko kide Maialen Guridik. Arratsaldeko saioa 17:30ean hasiko da. Bertan, talde bakoitzak dantza berezi bat egingo du Herriko Plazan. "Oinarinek 12ko igitai dantza egingo du herritarren aurrean", gaineratu du Guridik.