Urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Deba Garaia Landa Garapen Elkarteak eta Antzuolako Udalak Baserria afizio- ofizio solasaldia antolatu du.
"Baserritarren bizipenak jasotzeko aukera izango dugu: zergatik egin ziren baserritar, euren oroitzapenak, pasarteak... Ondoren, herrian gazteak lehen sektorera batzeko zein baldintza egon beharko liratekeen eztabaidatuko dugu, eta, nola ez, baserriaren jarraikortasunari buruz ere jardungo dugu", azaldu du Landa Garapeneko teknikari Miren Oiangurenek.
Emakume Nekazarien Estatutuari ere helduko dio Maite Aristegik. "2015ean legea onartu zenetik, ezer gutxi aurreratu da baserriko parekidetasunean. Beraz, baserriaren titulartasuna, ordezkaritza, zaintza-lanak eta abar. aztertuko ditugu; azken finean, emakumeen eskubide profesional, sozial eta fiskalak landuko ditugu". Bestalde, gai horiek guztiak modu alaian eta dinamikoan kokatzeko, bi bertsolari izango dira: Onintza Enbeita baserritar muxikarra, eta bestetik, Maider Arregi oñatiarra.
Topaketarekin amaitzeko, herriko produktuekin egindako mokadutxoa egongo da, Aitz Garbi tabernaren eskutik.