Ezezaguna denaren edertasuna azaleratuz

Maider Arregi 2017ko urr. 11a, 08:01

Iker Aizkorbe argazkilariaren erretratua izan daiteke Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an kaleratuko duen egutegiko azala; Gipuzkoako txoko ezberdinen erretratuak ikusi eta gustukoena bozkatzeko aukera dute herritarrek: facebook/OrainGipuzkoa.

Aretxabaletako Galartza auzoko dorretxea inguratzen duen egunsenti eder hori da Iker Aizkorbe argazkilariak Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan duen lehiaketarako aurkeztu duen erretratua. "Sare sozialen bitartez jakin nuen Foru Aldundiak martxan zuen argazki lehiaketa. Gipuzkoako paisaia edo txoko baten erretratua aurkeztea zen baldintza. Eta neuk, aurrez aterata, lehiaketara aurkezteko argazki aproposa baneukan", kontatu du Iker Aizkorbek. Antzuolan bizi den argazkilari aretxabaletarrak baina, Gipuzkoa mailan horren ezaguna ez den txoko baten aldeko apustua egin duela azaldu du: "Gipuzkoa mailan, oso ezaguna eta esanguratsua da Donostiako Kontxako baranda esaterako; baina, nik ezezagunaren aldeko apustua egin gura izan dut. Gipuzkoa barrualdeko txoko ederrak erakustekoarena, alegia. Horregatik Aretxabaletako Galartza auzoko dorretxearen erretratu hori aurkeztea erabaki dut lehiaketara".

Aldundiak aurkeztu diren argazki guztietatik 40 aukeratu ditu eta sare sozialetan jarrita daude gustukoenaren aldeko bozka emateko. Hala, urriaren 15era arte erretratuak GFAren facebookeko orrian bozkatu eta ikusi daitezke –facebook.com/OrainGipuzkoa–; baita momentuz, boto ugari jaso dituen Iker Aizkorberen Zeruetako erreinua argazkia: https://labur.eus/iker. Hala, argazki irabazlea Aldundiko 2018ko egutegiko azala izango da.

Argazkiaren bila

Aizkorbek azaldu du argitasun berezi hori duen argazkia ateratzeko ezinbesteko dela zenbait kondizio elkarrekin ematea: "Argazkia goizean goiz –06:00etan– aterata dago Muru gainetik. Negua da gainera eta arbolak hostorik gabe daude paisaia bistaratzen delarik; behe lainoa ere egon behar da. Nire argazki kuttunenetako bat da".

Asteburuan gainera, eguraldi kondizio bikainak aprobetxatu  dituela azaldu du: "Behe laino zoragarria izan da asteburuan eta berriro ere Galartzara joan naiz erretratuak ateratzera".

Lagun taldea

Antzuolan bada argazkilaritza maite dutenen lagun taldea. Astelehenetan batzen dira –Olaranen 18:30ean–, eta esperientziak konpartitzen dituzte elkar ikasiz: "Ez gara talde ofizial bat, baina guztiok daukaguna da argazkilaritzarekiko zaletasun. Bederatzi lagun inguru batzen gara eta dakiguna konpartitzeko eta irteerak antolatzeko batzen gara. Izan ere, Antzuolan urtean zehar bi argazki lehiaketa egiten dira eta jendeak gustuko duela argazkilaritza ohartu ginen. Eta horrelaxe, Udalari lokal proposamena egin eta batzartzeko gela bat lortu genuen. Eta noski gura duenak ateak zabalik ditu Olarango lokalean", kontatu du.

Ikastaroa

"Sekulako argazki kamerak ikusten dira; ondo ordaindutako kamera reflexak. Baina, kamerari buruzko ezagutzarik ez dago; atera ahal zaion zukua zein den ere ez. Eskaintzen duten aukera guztiak azaltzen saiatuko naiz ikastaroetan. 4-5 saio izango dira, –jendearen zalantzen arabera–. Urriaren 20an hasiko gara eta interesa dutenek urriaren 15era arte dute izena emateko aukera Xinkonan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak