Iker Agirregabiria: "Sekulako giroa eta ilusioa dago taldean; hori gure aldekoa da"

Maider Arregi 2017ko urr. 6a, 08:01

Eskarmentudun atezaina da Iker Agirregabiria. UDAn erretiroa hartzear zela, futbolaren arrak koska egin eta Antzuolako taldeak eskaini dion aukerari ezin izan dio ezetzik esan. "Gogotsu eta ilusioz" abiatu du denboraldia arrasatearrak.

Urte mordoa futbolari lotuta. Zein balorazio egiten duzu?
Bai, futbola da gehien gustatzen zaidana eta orain arteko balorazioa oso positiboa da. Lagun asko egin ditut gainera eta alde horretatik oso pozik futbolak asko eman dit-eta.
UDAko lehen taldean urte asko egin dituzu; eskarmentua eta esperientzia duzu.
Bai zazpi urte egin ditut lehen taldean. Iaz izan zen UDAn egin nuen azken denboraldia.
Erretiratzeko asmoa zenuen baina nolatan erabaki duzu futbolean jarraitzea?
Aretxabaletako taldea exijentzia handiko taldea da; entrenamendu ugari eta konpromiso maila altua eskatzen duen taldea da. Niretzako denbora gehiago gura nuen eta horregatik erabaki nuen taldea uztea. Baina orduan jaso nuen Antzuolako deia.
Oxel Apraizek eta Markel Letek beraz, eragina izan dute zure erabakian?
Bai. Antzuolan gainera beste maila bateko konpromisoa daukat eta bi entrenamendu egiten ditugu astean. Askatasun gehiago daukat. Horrek lagunduta eta lagunek behin eta berriro eskatzeagatik, beste urtebetez jarraitzeko erabakia hartu dut.
Antzuolak gainera atezain beharra zeukan?
Bai atezain bakarra zeukaten, 21 urteko gazte bat; eta bigarren baten bila zebiltzan edozer gertatzen bazen ere ordezkoa edukitzeko.
Derbi askoko denboraldia dator aurretik. Ondo hasi zenuten...
Tolosaren aurkako partidua irabazteak sekulako poztasuna ekarri zigun. Aloñaren eta Bergararen aurka galdu ostean, oinak berriro lurrean jarri ditugula esango nuke. Hasieratik genekien denboraldi gogorra izango zela kategoria berri honetan. Taldea ondo egon da baina, esan moduan bagenekien zaila izango zela.
Aloñan, Bergaran, ezagunak edukiko dituzu... Aloñako entrenatzaile Gotzon Urtzelai ondo ezagutuko duzu ezta?
Berarekin partidu asko jokatutakoa naiz; entrenatzaile ere izan dut... derbi askoko denboraldia da eta egia esan eskertzekoa da jende ezagunaz jokatzea.
Nolako taldea aurkitu duzu Antzuolan?
Jakin banekien oso talde herrikoia zela eta jende gaztez osatua. Sekulako giroa dago aldageletan, eta hori, aldekoa da, zalantza gabe taldearendako. Pertsonalki, oso talde indartsua eta giro handia duena bilatu dut, bai. Igartzen da taldean urte askoan dihardutenak, kuadrillakoak direla. Jokatzeko sekulako gogoa duen taldea da. Oso motibatuta dago; gure gabeziak baditugu baina talde lanetik eta talde indarretik ateratzen ditugu gure aukerak.
Denboraldia nolakoa dator.
Mailaz igo izana igarri egingo dugu. Edozein akats ez digute barkatuko ordea. Denboraldi gogorra izango da. Atzean barkatzen dugun bakoitzean garesti ordaintzen da kategoria honetan. Aukera denak ondo aprobetxatu beharko ditugu. Eztalan jokatzea gure aldekoa ere bada eta... hartu dudan erabakiaz oso pozik nago. Zapatuan Mondraren aurka daukagu derbia, etxean 16:30ean, eta ea bada, zorterik daukagun.
Pilotan ere oso abila zara.
Gustuko nuen eta biak uztartu nituen. Baina, 18 urterekin aukeraketa egin behar izan nuen. Futbolean hobeto moldatzen nintzen une horretan eta aukera gehiago ikusten nuenez ba...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak