Herri Eskolako lanak 2018-2019ko ikasturtean egingo dira. Datorren urtean hasi eta urtebeteko epean egingo dela obra azaldu du Hirigintza teknikari Valen Moñuxek. Obra sakona izango dela gaineratu du: "Handitze sakona izango da. Hala, 300 metro koadroko azalera irabaziko du eskolak. Aurrefabrikatutako gelen espazioa ez ezik; alboan daukan espaloiaren eremua ere oso-osorik hartuko du. Luzeran ere irabaziko du espazioa".
Gela gehiago
Egingo den eraikinak bi pisu edukiko ditu beheko baxuaz gain. "Patioa eta jangela ere handiagoak izango dira. Jangela ia bikoitza izango da gainera. Lehen solairuan, bi gela egongo dira –horietako bat bikoitza izango da, handiagoa–. Bigarren pisuak, aldiz, tamaina bereko hiru gela edukiko ditu. Horrez gain, pisu bakoitzean bulegoak eta komunak ere egingo dira, noski", argitu du Hirigintza teknikariak.
Modernoa vs klasikoa
1.200.000 euro pasatxoko aurrekontua dauka obrak. Proiektu irabazleak gainera, eraikin modernoa egiteko proposamena aurkeztu du. Hala, arkitektura tradizionalari, estilo modernoko eraikina gehituko zaio: "Orain dela 30 urte egin ziren handitze lanek lehengo estilo klasikoa jarraitu zuten; baina, oraingo proiektu irabazleak estilo modernoa dakar eta nik uste dut ondo etorriko dela eskola modernizatzeko".