Urtero legez, Zurrategi plazako txosnagunea izango da aurten ere Antzuolako jaietako festa gune nagusietakoa. Herriko txosna batzordeak musikaz eta jolasez beteriko egitarau oparoa prestatu du beste urte batez.
Gaur, eguena, arratsaldeko zazpietan irekiko dute txosnagunea. Aurtengoan ez dute olibaren jaitsiera egingo, baina irekiera luntx batez lagunduta egongo da, inaugurazio ofizialen pare. "Pintxoak eta pikatzekoa egongo da denontzat", diote txosna batzordetik, eta herritarrak gonbidatu dituzte gertura daitezen.
Bada, goizaldeko ordu bietan jolasak izango dira Zurrategin animatzen diren guztiendako. Ordu txikietan bakoitzaren abileziak frogatu eta denon artean barre egiteko aukera polita.
Gauetako kontzertuak
Bihar, berriz, egubakoitza, kontzertuak izango dira gauez, beti bezala. Egun horretan, 23:00etan hasita, partaide antzuolarrez eta bergararrez osatutako Asea taldearen ska, reggae eta rock doinuek girotuko dute Zurrategi plaza. "Iaz ere txosnagunean jo zuten, eta sekulako giroa izan zen, jendea oso gustura egon zen. Orduan, aurten ere berriz gonbidatu ditugu", azaldu du txosna batzordeko kide Jon Matak. Kontzertu horren ostean, Oharkabe taldearen eskutik erromeria izango da. Ordu txikietara arte dantza egiteko aukerarik ez da falta izango, beraz.
Bada, dantzaldi horiek goizaldera arte luzatzen dituztenek edota zapatuan goizean goiz esnatzen direnek, halakorik balego, txosnetan sandwichak dastatzeko aukera izango dute, gosari modura.
Hurrengo egunean ere, zapatua, gauez zuzeneko musika eta giro ona ziurtatuta dago txosnagunean. Zartako-K ska talde tafallarra arduratuko da antzuolarrak zein bisitariak dantzan jartzeaz. Horren ostean, Batek Daki erromeria taldearen eskutik euskal musikako abestirik ezagunenak kantatu eta dantzatzeko aukera izango da. Gaua ez da, baina, horrekin bukatuko. Izan ere, erromeria bukatzean DJ festa izango da. Julen Larrañaga disko jartzaile arrasatearra arduratuko da gauari musika jartzeaz ordu txikietara arte, erritmo elektronikoak nagusi izango direlarik. Goizaldeko hirurak aldean ekingo dio eta bostak ingurura arte arituko da musika jartzen.
Txosna batzordetik herritarrak animatu nahi izan dituzte Zurrategin barran lanean aritzeko txandetan izena eman dezan, laguntza ongi etorria izango dela-eta. Horretarako prest dagoenak txosna batzordeko kideekin harremanetan jarri besterik ez dauka.