Miren Argi Zezeaga: "Inspekzioa egin behar dute 50 urtetik gorako etxeek"

Miren Argi Zezeaga Suradesako teknikariak indarrean sartu den etxebizitzaren legeak ekarri dituen aldaketen berri ematen dihardu. Antzuolako herritarrekin batu berri da aurrerantzean 50 urtetik gorako eraikinen inspekzioa egin beharrekoa dela azaltzeko.

Nola hartu dute albistea baserritarrek eta ikuskaritza egin behar duten herritarrek?
Ulergarria den bezala albistea ez dute ongi hartu. Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa –EIT– egitea gastua da. Ikuskapenaren ondoren, eraikinean konpondu beharreko akats edo kalte larriak azaltzen badira ezarritako epean konpondu beharko dira. Kasu batzuetan obra horiei aurre egitea ez da xamurra izango.


Kostua bakoitzak bere gain hartu beharko du?
Jabeek arkitekto edo arkitekto teknikoa kontratatu beharko dute agiria egiteko, kostu hori bere gain hartuz. EITren kostuaren tarifa ez dago finkaturik eta aurrekontu ezberdinak aurkitu daitezke. Suradesatik aurrekontu bat baino gehiago eskatzea gomendatzen dugu. Momentu honetan ez dago zuzeneko diru-laguntzarik kostu horri aurre egiteko baina, EITren ondorioz, obraren bat egin behar bada eta diru-laguntzaren bat eskatzen bada EITren kostua gastuen artean sartu daiteke.


Nola eta zeini eragingo die?
Etxebizitza legea indarrean sartu zenetik 50 urte baino gehiago dituzten bizitegi-eraikin ororen jabeek eta zaharberritzeko administrazioaren diru-laguntza jaso nahi dutenak, eraikinaren antzinatasuna edozein delarik, behartuta daude egitera. Beraz desagertu egin da baldin eta erabilera publikoko gune edo bide batera ematen duen fatxadarik ez badute jasotzen zen salbuespena. Salbuespenen artean erabilera nagusia bizitegitarakoa ez duten eraikinak eta 50 urte baino gehiago izanik, erabat eraberritu direnak, erreforma integral bat jasan dutenak alegia, daude. Datu horiek Eusko Jaurlaritzako erregistroan –Euskoregiten– nola dauden jasota ikusi behar da. Eguneratu gabe edo gaizki badaude, udaletxearen bitartez egin beharko da aldaketa eskaera.


Noiztik aurrera aplikatuko da legea?
Legea indarrean dago eta aplikagarria da. Aurkezteko epemuga 2017ko ekainaren 27tik aurrerakoa da. 50 urte izan edo betetzen dituzten eraikinen jabeek urte beteko epea dute.


Zergatik egin behar da?
Lehenik eta behin esan EIT ez dela baserriei espresuki zuzendutako betebehar bat, bizitegi-eraikin guztiei zuzendua dago. EIT bizitegi-eraikin bat zein egoeratan dagoen egiaztatzen duen agiria da: kontserbazio egoera, irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa... Estatu mailako eta Euskadiko hainbat Lege eta Dekretuk arautzen dute. Besteak beste, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 legeak edo Etxebizitzari buruzkoa den 3/2015 legeak. Hasiera batean EAEko Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa arautzen zuen 241/2012 dekretuan zera jasotzen zen: Aplikazio-esparrua: bakanduta dauden familia bakarreko etxeak eta eraikinak arau honen esparrutik kanpo daude, baldin eta erabilera publikoko gune edo bide batera ematen duen fatxadarik ez badute. Baina artikulu hau aldatu egin zen 3/2015 Etxebizitza legea indarrean sartu zenean.


Argibide bila nora jo dezakete?
Hau guztia argitzen laguntzeko biztanleak noiz nahi hurbildu daitezke Suradesako Arrasateko bulegora –Nafarroa etorbidea, 17–. Debagoieneko Udaletan ere zerbitzua eskaintzen dugu. Antzuolan astelehen goizetan: 09:30-10:30. Informazio gehiagorako debagoiena.eus/eu/suradesa webgunera jo dezakete interesdunek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.