Daniel Pedraza: "Irrati-kontrol autoak ez dira haurrendako bakarrik"

Maider Arregi 2017ko eka. 9a, 12:28

Bigarrenez egingo dute, domekan, irrati-kontrol bidez gidatutako autoen erakustaldia. Aurten, baina, elkartasun kutsua ere badaukala ekimenak dio Daniel Pedraza antolatzaileak. Izan ere, zozketarekin batzen den dirua muskulu-atrofia espinala duen Leire Martin bergararrari laguntzeko izango da.

Iazko harrera ikusita, aurten ere animatu zarete RC festa egitera.
Bai. Kalean zehar Antzuolako gaztetxoek galdetzen eta eskatzen zidaten ea berriro irrati-kontrol autoen erakustaldia (RC) noiz egingo genuen, parte hartu gura zutela-eta. Hori entzutea pozgarria da benetan.

Baina ez da haurrendako jolas bat bakarrik, ala?
Halaxe da. Jendeak uste du haurren kontua dela. Baina ez da horrela, eta jendeari kirol honen berri eman ahal izateko modu egokiena da erakustaldi bat antolatzea. Horregatik, Gipuzkoako zaleak batuko gara domekan, kirol hau herritarrei gerturatzeko asmoz.


Debagoienean badago zaletasunik?
Bai. Whatsapp talde polita sortu dugu eta lagun oso onak egin ditut. Izan ere, ni Malagakoa naiz eta hona etorri nintzenean ez nuen inor ezagutzen. Kirol honen bitartez lagunak egin ditut. Lehenengo erakustaldia Aretxabaletan egin genuen, gero Tolosan, eta, dagoeneko, bigarrenez Antzuolan egingo dugu domekan, etzi.


Aurtengoak, ordea, elkartasun kutsua ere badauka, ezta?
Bai; aurten zozketa bat antolatu gura izan dut. Herriko eta inguruetako merkatarien laguntzarekin aurrera ateratakoa izan da. Batu dugun diruarekin irrati-kontroleko hiru auto erosi ditugu, eta zozketa egingo dugu. Zozketa horretan ateratako dirua eta jasotako laguntza FundAME fundazioarendako izango da oso-osorik. Elkarteak, gero, diru hori muskulu-atrofia espinala duen Leire Martin bergararrari laguntzeko erabiliko du. Haurrei, ideia oso ona dela iruditu zaie. Hala, aukera dute auto bat euro baten truke lortzeko, baina, batez ere, Leireri laguntzeko.


Autoekin ibiltzeko azpiegitura falta daukazuela diozue.
Bailaran badago zaletasuna. Gure asmoa da kluba sortzea eta Gipuzkoako udalen bati kirol hau praktikatzeko txokotxoren bat eskatzea. Txapelketak antolatzeko aukera izateko, adibidez. Askok daukate horrelako auto bat, baina duten arazoa da ez daukatela nora jo autoarekin ibiltzeko.


1 Formula auto txikitxoetara eramatea bezala dela diozu.
Sekulako praktika behar da horrelako auto bat gidatzeko. Esan duzun moduan, 1 Formula auto txikietara eramatea da. Pisu txikia daukaten autoak dira eta abiadura handia harrapatzen dute; oso erraz galtzen dute kontrola, gainera.


Mantentze-lan handia behar dute horrelako autoek?
Mantentze-lan konstantea; bereziki, gurpilei dagokienez. Txapelketa bakoitzeko gurpil berriak behar dituzte, gainera. Modelo askotariko autoak daude, ordaintzen duzunaren araberakoa. Baina guk erabiltzen ditugunek 500 euro inguru balio dute.


Zerbitzu edo mantentze-lana eskaintzen duen tokirik badago hemen?
Nik dakidala, ez. Domekako ekimenean parte hartuko duen Tracker denda gasteiztarra soilik ezagutzen dut.

Eta domekarako zer prestatu duzue? Gipuzkoa osotik etorriko dira zaleak, ezta?
Gu goizeko hamarretarako Beheko auzoko kanpo beltzean izango gara. Erakustaldia egingo dugu han. Arrasatetik bederatzi, Tolosatik sei, Donostiatik beste sei bat... Hogei lagun inguru batzea espero dugu domekako erakustaldian. Goizeko saioa 14:00ak artekoa izango da; ondoren, arratsaldeko lauretan, bigarren erakustaldia hasiko  dugu. RC autoaren zozketa berriz, seietan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak