Pilotaren bueltako asteburua dator

Iazko Antzuolako txapelketako finalen eguneko argazkia. (argazkia: Olalde pilota elkartea).

Egubakoitz arratsaldean Antzuolako pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte, lau partidu denera. Horrez gain, zapatuan Olalde pilota elkarteak Gipuzkoako Federazioarekin batera 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilentzat ate irekien jardunaldia antolatu du.

Egubakoitzean, ekainak 2, 18:00etatik aurrera alebin eta benjamin mailako pilotarien (8-12 urte bitartekoak) lau partidu izango dira frontoian, Antzuolako pilota txapelketako finalei dagozkienak.

Aste santu ostean hasi zuten txapelketa 50 neska-mutilekin, eta lau taldetan banatu zituzten pilotariak. Bada, talde bakoitzeko bina bikote iritsi dira finalera, eta, beraz, hauek izango dira finalak:

1. taldean: Aitor Alzelai - Unai Alonso / Miren Sánchez -Ibai Igartza.

2. taldean: Xabi Alonso - Alex Reifs / Ander Mihai - Suar Jauregi.

3. taldean: Oinatz Peñagarikano - Aratz Olabarria / Markel Zabalo - Ander Legorburu.

4. taldean: Julen Tena - Unax Errasti / Aimar Moreno - Iker Otadui.

Partidu guztiak amaitzean, ikasturte bukaerako merendola egingo dute.

Ate irekiak

Zapatuan ere pilotarekin lotutako beste hitzordu bat izango da pilotalekuan. 10:00etan hasita eta 13:30ak arte, 6 eta 14 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako ate irekien jardulaldiak izango dira, Olalde pilota elkartearen eta Gipuzkoako Federazioaren eskutik.

Jardunaldiotan denetarik egiteko aukera izango da: pilota jolas desberdinetan aritu (palaz zein eskuz), pilotak egiten ikasi, goi mailako pilotariekin egon... Jarraian, eguneko egitaraua:

  • 10:00-11:00. Txokoetan multzokatuta, pilota jolasak.
  • 11:00-12:00. Gazteenak pilotak egitera / helduenak partidatxoak.
  • 12:00-13:00. Helduenak pilotak egitera / gazteenak partidatxoak.
  • 13:00-13:30. Pilotari profesionalekin kalezka / argazkia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.