Azokako postuen inguruan giro polita eta eguzkitsua izan da gaur Antzuolan, urtero ospatzen den San Isidro azokan. Postuetan denetarik ikusi ahal izan da. Barazkiak, euskal pastelak, gazta, fruituak, abereak, haragia... Txikienek, gainera, taloa egiten ikasteko ikastaroa ere izan dute.
Jende dezente batu da zapatu goiz eta eguerdian Antzuolako herriko plazaren inguruan, baserritarrek, artisauek eta ekoizleek eskaintzen dituzten produktuak bertatik bertara ikusteko edota erosteko. Hala ere, dendariek azaldu dutenez "ez da mugimendu handirik egon", goizean zehar. Gozoak, ogia, gazta eta beste hainbat produktu saltzen zituzten ekoizle batzuek, euren postuak herriko plazatik urrutiegi zeudela ere azpimarratu dute, eta horrek ere, eragina izan ahal duela salmenta baxuetan.
Ardiak, ahuntzak, behiak eta zaldi indartsuak ere ikusi ahal izan dituzte antzuolarrek euren herriko plazan, eta gainera, umeek txorimaloak egiteko eta taloa egiten ikasteko tailerrak egin ahal izan dituzte.