Orica taldeko Katrin Garfoot australiarra gailendu da Antzuolan hasi eta bukatu den Emakumeen Birako 3. etapan. Garfoot bakarka heldu da helmugara, faboritoen tropeletik ihes egin ostean, eta liderraren elastikoa jantzi du. Euskaldunik onena, beste behin, Ane Santesteban errenteriarra izan da.
Deskargako lehenengo maldetan erasoa jo du Cervelo taldeko txirrindulari batek, eta mendateko gaina bakarka zeharkatu duen arren, faboritoen tropelak aise irentsi du. Oñatitik Antzuolarako bidean Garfootek jo du erasoa, eta helmugara segundo polit batzuen abantailarekin heldu da. Ondoren faboritoen tropeltxoa sartu da, eta Antzuolako helmugan, Soraya Paladin izan da bigarren, eta hirugarren Annemiek Van Vleuten.
Etapa hasieratik bukaerara jarraitzen antzuolar ugari batu dira herriko plazan eta inguruetan. Deskargako mendatean ere zale asko batu dira txirrindulariei animoak emateko. Batez ere, euskaldun onenaren saria jaso duen Ane Santesteban txalotu dute podiumean.