Gaur, egubakoitza, maiatzak 19, bertso saioa izango da Torresoroa aretoan, biharko San Isidro azokara begira giroa berotzeko balio izango duena. Gauean izango da hitzordua, 22:00etan hasita, eta lau bertsolari arituko dira oholtza gainean. Honakoak izango dira: Jon Maia, Sebastian Lizaso, Maialen Akizu eta Nerea Ibartzabal. Sarreraren prezioa bost euro izango da (gazteentzat eta langabetuentzat, 2,50 euro).
Alazne Jauregi antzuolarra arduratuko da gaur gaueko bertso saioan aurkezle eta gai-jartzaile lanak egiteaz. Hain zuzen, Antzuolako sasibertsolaixak aurrez prestatu dituzten gaiak botako dizkie bertsolariei, haiek inprobisatu dezaten.
Eskarmentua eta gaztetasuna
Sebastian Lizaso azpeitiarra eta Jon Maia urretxuarra urtetan mila plazan aritutako bertsolariak dira. Lehena bost aldiz izan da Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko finalista (1982tik 1997ra), eta 1986an txapela jantzi zuen. Dagoeneko ez du txapelketan parte hartzen, baina herriz herri bertsotan jarraitzen du.
Jon Maiari dagokionean, hiru hamarkada daramatza plazaz plaza, eta lau final nagusitan izan da (1997tik 2009ra). Irailetik abendura bitartean jokatuko duten aurtengo edizioan ere parte hartuko du.
Gaurko beste bi protagonistei dagokienean, gazteak dira biak ala biak. Nerea Ibartzabal markinarrak 23 urte ditu, eta aurten izan da lehenengoz Bizkaiko bertsolari txapelketan finalista, eta Bertsolari Txapelketa Nagusirako sailkatu zen.
Maialen Akizu urretxuarra da, Maia bezala, eta 21 urte ditu. Bera izango da, hortaz, Torresoroako lauren artean gazteena. Umetatik izan du bertsolaritzarekiko zaletasuna, eta abenduan bertsolari gazteen Xenpelar saria irabazi zuen.