Astelehenean, maiatzaren 15ean, izan zen San Isidro eguna, eta, urtero legez, bihar, aste bereko zapatuan –hilaren 20a–, baserritarren azoka izango da Antzuolan.
Ganadua, baserriko tresnak, artisautza produktuak eta jakiak izango dira goizean Herriko Plazan jarriko dituzten postuetan. 11:00etatik aurrera salda banatuko diete Trekutz elkartera gerturatzen direnei.
San Isidro azokara animaliak eroango dituzten guztiak Antzuolako baserritarrak dira. Esate baterako, Irumendi elkartekoek piriniar arrazako behiak eroango dituzte; Altzeta baserrikoek, behorrak eta ardiak; Amaia Laskurainek ere, behorrak eta ardiak; horrez gainera, beste hiru baserritarrek astoak eroango dituzte.
Jatekoari dagokionez, asko kanpotik etorritakoak izango dira, baina herriko produktoreen ordezkaritza ere izango da, Pikunieta eta Anbu baserrikoek postua jarriko baitute, esaterako. Gainontzean, goxoak, eztia, gazta... halako produktuak izango dira.
Horrez gain, irabazi asmorik gabeko Anelkar elkarteak bidezko merkataritzako hainbat produktu jarriko ditu salgai postu batean.
Bestalde, joskintza lantzen duen talde antzuolar batek hariz egindako lanak ikusgai jarriko ditu San Isidro azokan.
Eta, halako feria baten musikarik ezin denez falta, txistulariak eta trikitilariak aterako dira giroa alaitzera.
Idolaz taldearen txokoa
Umeak eta gaztetxoek ere ez dira aspertuko bihar. Izan ere, azokaren bueltan, berrikuntza moduan, aurten, taloak egiten ikasteko tailer bat izango da, Idolaz aisialdi taldearen eskutik, plaza inguruan jarriko duten txokoan. 11:00etan hasiko da ikastaroa, eta gazteek taloak egin eta dastatzeko aukera izango dute.
Talo tailer horretaz gain, aurpegia margotzeko aukera ere izango dute neska-mutikoek, hori ere Idolaz taldekoen eskutik.
Ez hori bakarrik; izan ere, 13:30ean, Antzuolako jakiekin eta produktuekin osatutako otarre berezi baten zozketa egingo dute.
Kukumarro erakusketa
Azokaren bueltan, kukumarro erakusketa izango da, beti bezala. Hain zuzen ere, 11:00etatik aurrera herritarrek egindako txorimaloak plazako iturri inguruan izango dira ikusgai. Geroago, arratsaldeko ordu batean, sari banaketa izango da, Herriko Plazan.