Trikiti astea badator, luxuzko gonbidatuekin

Maite Txintxurreta 2017ko mai. 12a, 14:39
Ines Osinaga izango da trikiti astean parte hartuko duten gonbidatuetako bat.

Datorren astean zehar trikitiaren inguruan hausnartzeko bi saio izango dira Torresoroa aretoan, instrumentu honen bueltako pertsona ezagunekin: Ines Osinaga, Pako Aristi, Unai Narbaiza, Edurne Iturbe eta Izer, Laja II. eta Lutxurdio.

Trikiti zaleek gustuko izango dituzten hitzorduak izango dira datorren astean Antzuolan. Izan ere, trikiti astea antolatu dute, eta horren baitan bi elkarrizketa saio interesgarri izango dira aste barruan, trikitilariekin eta instrumentu horrekiko lotura estua duten pertsona ezagunen parte hartzearekin. Torresoroa aretoan izango dira saiook.

Hasteko, martitzenean, maiatzak 16, 19:00etan hasita, Gose taldeko Ines Osinaga arrasatearra eta Pako Aristi idazlea protagonista izango dituen solasaldia izango da. Beñardo Kortabarriak gidatuko du saioa, eta aurreratu duenez, bideoak eta bestelako "sorpresak" ere izango dira. Ikusleek galderak eginez eta euren iritziak plazaratuaz saiootan parte hartzeko aukera izango dute.

Ines Osinaga arrasatearra Gose musika taldeko abeslari eta trikitilaria da. Pako Aristi, bere aldetik, bere idazle fazetagatik da ezaguna, batez ere, baina trikitiarekin lotura estua du Urrestillakoak. Horren adibide gisa, Gelatxo, soinuaren bidaia luzea liburua idatzi du, Manuel Sodupe Gelatxo trikitilariari buruzkoa, eta baita Nemesioren trikitixa izeneko umeendako liburua ere.

Eguenean ere, hilak 18, trikitiaren inguruko beste solasaldi bat izango da, hori ere Torresoroan, baina 18:30ean hasita. Unai Narbaiza, Edurne Iturbe, Izer, Laja II. eta Lutxurdio izango dira bertan parte hartuko dutenak, guztiak ere plaza, erromeria eta festa askotan aritutako eskarmentudun trikitilariak.  Kasu honetan ere bideoak, musika piezaren bat edo beste tarteka eta ikusleen galderak tartekatuko dituzte. Ordubete inguruko saioa izango da, eta bukatzean, triki-poteoa egingo dute tabernarik taberna.

Hausnarketarako tartea

Duela bi aste Oñatin egin zuten bezala, orain dela zortzi urte Antzuolan ospatu zuten Debagoieneko Trikitixa Eguna. Bada, ordurako eginiko lanaren fruitu bezala, diru kopuru bat batu zuen Antzuolako trikiti taldeak. Gerora diru hori Udalari bideratu zioten, horri irteera bat emateko; hala, Udalak trikitiaren inguruko ekintzak antolatzeko konpromisoa hartu zuen. Hala, iaz erromeria berezi bat antolatu zuten, eta aurten, berriz, trikiti astea, hurrengo domekan ospatuko den San Isidro feria egunera begira. Noski, feria egunean ere trikitiak izango du protagonismoa, herriko trikitilariek kalejira egingo baitute giroa alaitzeko.
Beñardo Kortabarria Antzuolako alkateak azaldu duenez, iaz antolatutako erromeriaren oinarria jaia izan zen bezala, oraingoan prestatutako honi "ukitu kulturalxeagoa" eman nahi izan diote, "hausnarketara gehiago bideratutako saioak" antolatuaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak