Uste baino korapilatsuagoa izan bada ere, azkenean lortu dute helburua Josu Larrearen mutilek, eta Antzuolak Erregional preferente mailan jokatuko du datorren denboraldian.
Gaur jaso dute albistea. Izan ere, gorriek hiru puntu nahikoa zituzten matematikoki igoera lortzeko, eta bide onetik zihoan dena zapatuan Oreretako partiduan. Ander Aranaren eta Ibai Zabaloren gol banarekin, 0-2 aurretik ziren antzuolarrak. Bukatzeko hamar minuturen faltan, baina, Touringeko hainbat jokalari epailea jotzen saiatu ziren, eta honek norgehiagoka bertan behera laga zuen.
Bada, federazioak erabaki behar izan du ia emaitza balekotzat emango zuen ala hamar minutuak jokatu behar izango zituzten. Azkenean, Antzuolarren garaipena ofizial egin dute.
Zapatuan lehen gola egin zuen Aranak adierazi du "oso pozik" daudela taldekideak, eta zaleekin batera ospatzeko gogoz.
Asteburuan, ospakizunak
Gaurko entrenamenduan tortilla batzuk eramanaz ospatuko dute garaipena, eta etzi zaleekin batera egingo dute, Estalan. 16:30ean jokatuko dute Amara Berriren aurka. Gerorako kamisetak eta guzti prestatu dituzte, eta musikaz lagunduta, kalean zehar ospatuko dute igoera. Merezitako afaria ere egingo dute, eta gero, gerokoak.
Igoeraren berri ona borobiltzeko Amara Berriren aurka irabazten ahaleginduko dira. Izan ere, finala jokatu nahi dute, eta horretarako lehen postuan bukatu beharko dute liga. "Azken hiru partiduak irabazi nahi ditugu", dio Aranak. Ziur ez zaiela zaleen babesik falta izango.