0-2ko markagailuak ez dio oraindik igoera eman Antzuolari

Ibai Zabalo erasoan.

Bertan behera utzi zuen epaileak partidua amaitzeko 10 minuturen faltan Antzuolak garaipena eta igoera eskuan zuela, Touringeko jokalariek sortutako liskarraren ondorioz.

Partidua amaitzeko 10 minutu faltan Touringeko jokalari bat kaleratu zuen epaileak; bigarren txartel horia atera zion falta garbi baten ostean eta Errenteriako jokalariek iparra galdu zuten. Epailearengana protesta egitera joan eta horrek beste bi jokalari kaleratu ostean hainbat jokalarik epailea jipoitu nahi izan zuten eta partidua bertan behera uztea erabaki zuen. Beraz, markagailuan aurretik joan arren, antzuolarrek ezin izan dute igoera behar bezala ospatu; izan ere, asteazkenean Epaileen Komiteak erabaki beharko du falta diren 10 minutuak jokatu behar diren edo norgehiagoka 0-2koarekin amaitutzat ematen duen. Hurrengo jardunaldian Estalan zaleekin batera igoera ospatzea espero dute antzuolarrek.

Ordura arte partidu lasaia

Amaiera alde batera utzita ordea, partidu lasai izan zela esan du Ibai Zabalo kapitainak. Hasieratik indartsu zelairatu ziren bi taldeak, Touringekoek jokoan ezer izan ez arren. Antzuolakoak hainbat aukera izan zituzten 30. minutuan Ander Aranak lehenengo gola egin arte horrela atsedenaldira aurretik joateko.

Bigarren zatian antzuolarrak Errenteriakoen area inguruan eman zituzten minutu gehienak norgehiagoka erabakitzeko gogotsu eta hainbat aukera eta korner ostean Zabalo kapitainak egin zuen bigarrena 65. minutuan. Garaipena eta igoera 25 minutura izan arren, 10 minutu faltan epaileak bere burua arriskuan ikusi eta partidua bertan behera utzi behar izan zuen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.