Virginia Imaz, ipuin kontalaria da, baina baita pailazoa, eta irakaslea ere bada. Honakoa dio berak gaurko tailerrari buruz: "Ahozko narrazioaren doaietara gerturatuko gara. Jendeak betidanik kontatu izan du. Kontatzen dugu mundua kontatzeko eta munduari kontatzeko. Baita beldurrak ateratzeko, esperantza emateko, beste mundu batzuk posible direla imajinatzeko, sendatzeko, hezteko... eta konturatzeko tribu bateko partaide sentitzen garela. Kontatzen duguna gara".
"Saio honekin eta ipuinen maratoiarekin gure bizitzan ahozkotasunak duen garrantziaz hausnartzera" gonbidatu nahi du jendea Imazek. "Pertsonok" dio "odol, hezur eta haragiz eginak gaude. Eta ametsez. Ipuinak ametsen azala dira. Sustraiak eta hegoak ematen dizkigute. Gogorarazten digute zeintzuk garen, zer izatera iritsi nahi dugun hobeto imaginatu dezagun".