Ohorezko erregional mailan Aloña Mendi da etxean jokatuko duen bakarra, eta oñatiarrendako liga amaiera honetako finaletako bat izango da, gainera. Urzelairen mutilek 13. postuan dagoen Beti Gazte izango dute aurrean (domeka, 16:30). Mondrak eta Aretxabaletak, ostera, kanpoan jokatuko dute. Arrasateko taldeak Mutrikun (zapatua, 16:30) eta Aretxabaletak Donostian, Vasconiaren kontra (zapatua, 17:30).
Erregional preferentean, joan den astean jaso zuen Bergarak ligako lehen porrota etxean. Hala ere, lider jarraitzen dute sei puntuko aldearekin, eta bihar Alegian (Intxurreren kontra, 15:30ean) zaleen babesa izango dute, klubak autobusa antolatu du eta. Emakumezkoen igoera fasean, azkenik, Arizmendik lehen garaipenaren bila egingo du bidaia Errenteriara (zapatua, 17:00).