Izan ere, Antzuolako Udala eta Deba Garaia Landa Garapen Elkartea, Hazi Fundazioa eta Gipuzkoako Diputazioarekin batera, herriko baserritarren gaur egungo eta etorkizuneko erronkei buruzko lan bat egiten dabil.
Proiektuaren helburua da instituzioetatik baserri-munduari bultzada bat emateko zer egin daitekeen aztertzea, eta, zerbait egin badaiteke, bultzada ematen hasteko tresnak jartzea. "Edozein neurri hartzen hasi aurretik, ordea, sektorearen egoera nolakoa den jakin nahi izan dugu, gaur egungo errealitatea hobeto ezagutzeko. Horretarako, azken hilabeteetan baserritarrekin elkarlanean hasi gara, hauen kezkak
eta eskariak jaso ditugu, eta poliki-poliki irtenbideak eta lerro estrategikoak lantzen ari gara. Bestalde, ikusirik landa ingurunearen mantenua baserritarren karga soilik ez dela, hau da, gizarte osoaren erantzukizuna dela, herriko beste eragile batzuekin ere elkarlanean hasi gara, besteak beste herriko janari-dendariekin, tabernariekin, okindegiekin, gazteekin eta lantegiekin", kontatu du Miren Oianguren teknikariak.