"Domekarako ez dute eguraldi oso ona eman, baliteke euri apur bat egitea, baina basoan ibiltzeko giro ona egingo du, bai korrika egiteko eta baita lasterkariak animatzeko ere", adierazi dio GOIENAri Aritz Saidik aste barruan. Ibilbidean lokatza badago ere horrek ez ditu antolatzaileak ezustean harrapatuko, egutegiko lasterketa goiztiarrenetakoa izanda dagoeneko ohituta daude negu gogorrera. Hala, domekan 250 lagun inguru batuko dira Antzuolako plazan (10:30), irteera puntuan. Eta, lasterketak betiko formatuari eutsiko dio: Irimotik itzulia egingo duen lasterketa azkarra, 13 kilometro ingurukoa.
Azkena, seguruenik
Bost urte hauetan ibilbide polita egin du lasterketak, eta horren erakusle da dortsal guztiak 24 ordutan banatu dituztela. Tristea izango litzateke desagertzea, baina lana dago atzean, eta hori baino gehiago, ardurak hartu behar dira: "Labur esanda, hori da arazo handiena, lagun talde bat gara, eta probako erantzukizuna gure gain hartu behar dugu. Aseguru osoena dugu, baina halako lasterketetan beste erantzukizun batzuk ere izaten dira". Bada, gozatu, baliteke azkena izatea.
Jabi Etxanizek ateratako argazkiak: