Iritsi dira Gabonak eta ilusioz beteriko egunak

Maider Arregi 2016ko abe. 23a, 08:00
Argazkia: Iker Aizkorbe

Bihar, abenduak 24, Olentzero eta Mari Domingi jaitsiko dira San Josetik herrira. Baina, urtarrilaren 2ra arte makina bat ekintzaz gozatzeko aukera izango da Antzuolan. Festa, kirola, musika eta emanaldiak izango dira egunotan.

Heldu dira Gabonak eta badatoz Olentzero eta Mari Domingi San Josetik behera. Herriko haur, gazte eta helduen ilusioak betetzeko asmoz, bihar etorriko dira. Antzuolarrek San Josepen egingo diete arratsaldean harrera. Baina, ongi-etorri festaren aurretik, goizeko hamaiketan eskolako umeen eta gurasoen eskutik kalejira egingo dute. Errekalde auzotik irtengo dira kantuan –euria eginez gero, eskolako patioan–.

Olentzerori harrera

18:30ean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi San Josetik herrira. Musikak eta herritarrek harrera egingo diete. Kalejiran, Herriko Plazara abiatuko dira ekitaldi nagusiari hasiera emateko. Bertan, txikitxoek Olentzero agurtu eta azken uneko eskaeraren bat egiteko aukera ere izango dute.

Krosa bigarrenez

Mozorrotuta, kuadrillan, bikoteka, familian, bakarka... abenduaren 26an, San Esteban krosa   egingo da. 17:30ean  5 eta 8 urte artekoak irtengo dira; 17:45ean,  benjamin, alebin, infantilak. 18:00etan kadeteak eta hortik gorakoak. Eta kirolarekin jarraituz, abenduaren 26tik 30era, Debagoieneko Pilotako Gabon Kopa jokatuko da, goizez pilotalekuan. Antzuolako eta eskualdeko gainerako herrietako pilotariak jokatzen ikusteko aukera izango da.

Areto futbol txapelketa

Iaz ere jokatu zuten areto futbol txapelketa eta Redtube Boys taldea izan zen garailea. Josu Zubikaraik jaso zuen goleatzaile onenaren saria (15 gol). Giro ezin hobean, 100 jokalari inguruk hartu zuen parte. Aurtengoa abenduaren 28an eta 29an jokatuko da, arratsaldez, pilotalekuan. Emakumez eta gizonezkoz osatuta, bederatzi  taldek parte hartuko dute.

Haur parkea
Aurten ere herriko haurrek haur parkeaz gozatzeko aukera izango dute abenduaren 30ean, eskolako patioan. Honako ordutegia izango du puzgarri eta jolasekin osatutako parkeak:  11:00-13:30 eta 16:30-19:00.  Egun berean, 18:30ean, Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena akordeoi joleak Bi poliedro musika saioa eskainiko dute Torresoroan.

Urte berria hasteko
Eta antzuolarrek ohiturari eutsiz, urte berriari ongi-etorria Arrolan egingo diote. Bertaratzen direnendako salda eta txistorra egongo da. Urtarrilaren 2an, umeendako ikuskizuna: Patata tropikala taldearen Ezer ez da dirudiena. Torresoroan, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak