Garazi Larrea: "Familian edo kuadrillan ospatzeko festa da orain"

Maider Arregi 2016ko abe. 12a, 15:34

Aurten ere abenduaren 26an San Esteban eguneko krosa egingo da. Izena abenduaren 16ra arte eman daiteke liburutegian, liburu dendan eta udaletxean.

Urte askoan galduta egon da San Esteban eguna Antzuolan. Iaztik baina, beste buelta bat eman eta berriro festa giroa indartu dute. Hala, kirola oinarri, aurten ere kros herrikoia antolatu dute abenduaren 26rako.
Garai batean San Esteban, egun handia zen Antzuolan. 

Zer ospatzen zuten antzuolarrek?
Egun hau txikiteroen eguna dela esan daiteke. Egun handia izaten zen garai batean eta  aisialdirako denbora gutxi egoten zenez egun horretan meza ondoren tabernaz taberna ibiltzeko eguna izaten zen. Etxean entzunda daukat Pikunieta baserrian zegoen tabernak bere eguna ospatzen zuela erromeria eta herri kirolekin. Urte askoan galduta egon da eta badira urte batzuk herriko tabernariek berreskuratu zutela egun hau, doako txikiteoa eskainiz.


Zergatik nahi izan zenuten iaz berreskuratu?
Herrian azken urte hauetan korrika egiteko zaletasuna piztu da. Herritar askok egiten du korrika. Gabon inguruan kirol ekitaldi asko izaten dira ondoko herrietan eta guk ere horrelako ekitaldi baten beharra ikusten genuen. Hori dela eta egun hau aproposa izan zitekeela iruditu zitzaigun. Txikiteoa egin aurretik kirol pixka bat egitea.


Festa kirolarekin uztartu duzue.
Aurreko urtera arte festa arratsaldeko zazpietan hasten zen txikiteoarekin batera. Festa luzatzea egokia zela pentsatu genuen eta gaur egun 16:30ean hasten da ospakizuna. Horrez gain, txikiteoaren festa, helduen festa zen bakarrik. Ekitaldi honekin ordea, 5 urtetik gorako guztien festa bilakatu da. Bakarka,  familian edo kuadrillan ospatu daitekeen festa bat.


Iazkoa arrakastatsua izan zen.
Bai. Iazko balorazioa oso positiboa izan zen. Uste baino jende gehiagok parte hartu zuen eta horrek aurten ere antolatzeko indarrak ematen dizkigu. Oso polita izan zen txikienak korrika eta familiak animatzen ikustea. Mozorrotuta ere irten ziren batzuk eta jai giro polita sustatu zuten.


Zein egitarau prestatu duzue?
Hiru txanda egongo dira lasterketa egiteko. 17:30ean, 5-7 urtekoak; 17:45ean, benjaminak, alebinak eta infantilak; eta 18:00etan kadete eta helduak.


Kirol sailetik herrian festa kirolez indartzeko apustua egin duzue.
Herrian kirola sustatzeko modua bat bezala ikusten dugu. Horrelako ekitaldiak antolatuta, herrian jendea korrika edo kirola egiten ikusten da. Bizitza aktibo bat izateko bultzada izaten da.


Zein da urte hauetako balorazioa?
Balorazioa oso positiboa da, herrian antolatu diren ekintza guztiak arrakastatsuak izan dira. Areto futbola, olatu morea, San Esteban krosa... herritar askok hartu du parte bai ekintza antolatzen, egunean bertan boluntario moduan eta baita kirola egiten ere. Jendearen babesa izan dugu eta eskertzekoa da.


8 Milak egiteko arazoak daude. Egingo da?
Aseguruekin daude arazoak. Baina ahalegin guztiak egingo ditugu bertan behera ez gelditzeko. Herrian egun polita izaten da, goizean goizetik ateratzen da jendea kalera eta herritar guztientzako egun guztiko festa izaten da. Pena izango litzateke horrelako ekintza bat ez egitea.


2017rako ze proeiktu?
Orain arte antolatu diren ekintzak antolatzen eta babesten jarraituko ditugu. Horrez gain, kirol elkarteek antolatzen dituzten ekintzak bultzatu eta babestuko ditugu.  Ideiak diren arren, datorren urtean Ariznoa gimnasia erritmikoak, lokatzak eta beste talde batzuk ekintzaren bat antolatzeko asmoak dituzte. Proiektu zehatzik ez dugu baina ideia batzuk bai: kirol egun bat Antzuolan, gazteentzako kirol udalekuak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak