EH Bilduren ibilbideaz eta etorkizunaz jardun dute antzuolarrek

Maider Arregi 2016ko abe. 7a, 12:47

Abenduaren 3an Antzuolako EH Bilduk egindako batzarra beharrezkoa eta errepikatzeko modukoa izan zela ondorioztatu dute partaideek. Hala, datozen asteetan jasotako edukia ordenatu eta forma ematea dela asmoa azaldu dute.

"Bi helburu nagusi genituen abenduaren 3an egin genuen batzar irekian: EH Bilduren ibilbidearen errepasoa egitea batetik, eta bestetik, aurrera begira Antzuolan EH Bildu izan behar denaren inguruko hausnarketa egitea ahalik eta jende gehienarekin", azaldu du Antzuolako EH Bilduk.

Batzarra, 10:15 inguru hasi zen eta 50 lagun batu zen Torresoroan. Pello Urizarrek eman zio hasiera alderdia eta hau osatzen duten talde zein gizabanakoen historia errepasatuz. "Ezker soberanistaren azken urteetako gorabeherak aztertu zituen Urizarrek: Bilduren arrakasta, Iruñea eta Nafarroako gobernu aldaketak, Iparraldean hirugarren indarra izatea lortu izana, Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatu izana eta izandako zailtasunak... funtsean, azken urteetan ezker soberanista erresistentziatik eraikuntzara pasa izana nabarmendu zuen Pellok", gaineratu dute.

Errepaso historikoa modu pertsonalagoan jarraitu zuten egiten. Alderdi zein arlo ezberdinetan aritutako hainbat herritarren eskutik, alegia. "Azken 40 urteen errepaso interesgarri bezain hunkigarria izan zen entzungai; garai ezberdinetan barrena, beraien militantzian izandako bizipen pertsonalak eta beraien motibazioak azalduz. Tonu melankolikoa batzuetan, umoretsuan ere bai tarteka eta gertaeretan bizitako egoeren gogortasuna azpimarratuz beste askotan. Egun, EH Bildun aurkitzen garenon artean une gogor asko ere bizi izan baitira hainbat urtetan zehar".

Batzar irekian, elkar ezagutzeko eta sakonago ulertzeko tartea izan zutela gaineratu dute. "Elkarrekin enpatizatzen saiatu ginen, eta garrantzitsuena, lortu egin genuen. Azkenik, aurrera begirakoaz aritu ginen: ditugun erronkez, jarri beharreko lehentasunez, jendartean eragiteko moldeez... bai Antzuolan eta baita maila nazionalean ere. Orain batzarraren azken zati honetan hitz egindako guztitik ondorioak ateratzeko garaia da".

Hala, datozen asteetan jasotako edukia ordenatu eta forma ematea da EH Bilduren asmoa. Era berean, batzarra beharrezkoa eta errepikatzeko modukoa izan zela ondorioztatu dute."Inoiz ez da berandu eta tonu bereko balorazioak eman genituen partaideok. Orain, bide horri jarraipena emateko moduak aurkitzea dagokigu, zapatuan jasotako animo eta motibazioarekin", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak