"Azkarate aldetik ilunabarra", ederrena

Maider Arregi 2016ko aza. 25a, 09:33

Antzuolako gai libreko 21. argazki lehiaketak badauzka irabazleak. Helduen mailan hain justu ere, Pablo Bonillaren erretratua saritu dute: Azkarate aldetik ilunabarra. Gazteen mailan, aldiz, Uxue Iparragirreren Jokulsarlon argazkiak jaso du lehen saria. Aurkeztutako lanekin erakusketa bisitatzeko aukera izango da Olaranen asteburuan.


Azkarate aldetik ilunabarra da epaimahaiaren ustez aurkeztu diren lanen artean ederrena. Pablo Bonillaren erretratua da. Lehen aldiz eskuratu du gainera sari nagusia (200 euro). Bigarren saria Sergio Morenok eskuratu du Colorado Ibaia  argazkiari esker (150 euro). 19 urtetik gorakoen maila honetan 21 lan aurkeztu dira.
Gazteen mailan (13-18 urte), saria Uxue Iparragirreren Jokulsarlon lanak jaso du (45 euro).  Iparragirrek ere lehen aldiz irabazi du herriko argazki lehiaketa. Bigarren saria, ordea, hutsik, banatu gabe ustea erabaki du epaimahaiak (hiru lan aurkeztu dira soilik). Aipatu ere haurren mailan inor ez dela aurkeztu.
"Orain arteko parte-hartze txikiena izan du edizio honek. Baloratu beharko dugu zer gertatu den, baina hausnarketa egin beharrean gaude. Besteetan baino jende gutxiago aurkeztu da-eta. Datorren urterako zerbait aldatzea planteatu beharko genukeela uste dugu. Gaur egun hain erraz ateratzen ditugu argazkiak smartphone-ak direla... izan ere, kamara beti aldean daramagu. Eta noski, ume zein gazte jendea ez aurkeztu izanak zer pentsatua eman digu. Horiek erakartzeko lehiaketaren orain arteko formatua aldatzea ere komenigarria dela uste dugu. Hala, teknologia eta aplikazio berriekin ateratako edo tratatutako formatu desberdineko lanak aurkezteko atal bat sortzea ere komenigarria dela uste dugu", azaldu du Kultura teknikari Jone Larrañagak. Epaimahai lanetan Juanje Amasorrain eta Mari Paz Ugalde adituak ibili dira.


Erakusketa bihar
Eta urtero legez, argazki lehiaketara aurkeztutako lanak, herritarren aurrean erakusgai jarriko dituzte datozen bi asteburutan Olaran etxean.
Hala, azaroaren 26 eta 27an, 18:30etik 20:30era bitartean Olaranen izango dira herritarren  lanok ikusgai; guztira, 24 erretratu eder. Abenduko lehen asteburuan ere erakusketa bisitatzeko aukera izango dute antzuolarrek: abenduaren 3an eta 4an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak